Goizeko jende uholdeari lekukoa hartu diote Aiaraldeko Greba batzordeak arratsaldean zehar antolatutako mobilizazioek. Goizean egin bezala, eguerdian Tubacexeko fabriketako piketeetara martxak antolatu dituzte, grebalariei elkartasuna eta babesa adierazteko.
Iluntzean manifestazio jendetsu batek zeharkatu ditu Amurrioko kaleak, Aiaraldea "alarma gorrian" dagoela salatzeko. Mila lagunetik gora batu dira mobilizaziora, eta hainbat sektoreetako langileek bat egin dute bertan.
Borrokan jarraitzeko deia
Datozen asteetan borrokan jarraitzeko deia egin dute Greba Batzordeko kideek. Bide horretan, datorren martxoaren 9an asanblada irekia antolatuko dute Amurrion, enplegu eta bizitza duinen defentsan emango diren hurrengo urratsak adosteko.