IRITZIA

Zertarako balio du Eusko Jaurlaritzak Tubacexeko kaleratzeak gelditzeko gai ez bada?

Aitor Aspuru Saez 2021ko mar. 9a, 12:30
Iñigo Urkulluren agerraldia. / Irekia

Eusko Legebiltzarrak Aiaraldeko egoera sozioekonomikoa hizpide duen bitartean, 150 kaleratze daude mahai gainean Tubacex enpresan. Euskal erakundeek enplegu suntsiketa eteteko ezer  egingo ez badute, zertarako dira Aiaraldeko ponentziak eta behin eta berriro iragarritako diru-laguntzak?

Ostiralean Jon Hernandez Elkarrekin Podemosen ordezkariak Eusko Legebiltzarrean azaldu zuen Tubacexeko langileek pentsatzen dutena. Hau da, enpresak COVID-19aren pandemia baliatzen duela etekinak biderkatzeko. Politikariak Lehendakariari galdetu zion zer egingo duen Eusko Jaurlaritzak horren aurrean.

Gauzak horrela, Iñigo Urkulluren erantzunak alarma gorria piztu du Tubacexeko langileen artean. “Zuzendaritzaren argudioak errepikatu zituen, hitzez hitz”, aipatzen zuten atzo piketean.

Zehazki, Lehendakariak argudiatu zuen gasa eta petrolioaren sektorea ataka larrian dagoela, eta Estatu Batuek ezarritako zergek egoera are gehiago okertzen dutela. Edonola ere, Urkulluk bi gauza ahaztu zituen.

Alde batetik, litekeena da Joseph Biden presidente berriak zerga horiek bertan behera uztea. Izan ere, azken egunetan zenbait esparrutakoak indargabetu ditu. Berez, elikadurakoak edota industria aeronautikokoak atzera bota dituzte, eta gogoratu behar da Aernova eta ITP enpresetan hainbat kaleratze egin direla berriki.

Bestetik, zerga horiek ekiditeko eta inportazioa errazteko, Tubacexek enpresa erosi zuen Estatu Batuetan.

Beharginak eta zuzendaritza maila berean

Bileretan eta elkarrizketetan parte hartzeko prestutasunaz gain, Iñigo Urkulluk ardura maila bera jarri zuen zuzendaritzaren eta langileen gain. Alegia, Lehendakariak defendatu zuen akordioa lortu behar zutela kaleratze traumatikoak ekiditeko. Baina beharginak kale gorrian uzten dituenak, dudarik gabe, askoz erantzukizun handiagoa dauka.

Diru publikoa

Iñigo Urkulluren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak bide bakarra hartuko du: diru-laguntzak ematea enpresak laguntzeko. “Garapen Ekonomikoko Sailak 68 programa abiatu ditu, 430 milioi eurokoak”.

Azken urteetan, Tubacexek 8 milioi euroko laguntzak jaso ditu, horietako 2 milioi 2019an, Kike Fernandez de Pinedo Arabako batzarkidearen arabera.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzak zabaltzen duen mezua da enpresek egin dezaketela nahi dutela -enplegua bermatu gabe-, nahiz eta diru publikoa, guztion dirua, jaso. Beste hitz batzuetan, ematen diren laguntzak gizartearen mesederako izan ordez, enplegu duina mantenduta, akziodunen artean banatzeko dira.

Aiaraldeko ponentzia

Valvospainen itxieraren eta Tubacexeko 150 balizko kaleratzeen testuinguruan ekin dio Eusko Legebiltzarrak Aiaraldea sozioekonomikoki suspertzeko ponentzia eztabaidatzeari.

Ordea, egingo diren ahalegin horiek guztiak baino, eskualdeak eskertuko luke jadanik dauden lanpostu duinak babesteko neurriak hartzea.

Diru-laguntzen garrantzia mespretxatu gabe, ostalarien, merkatarien eta hainbat enpresa txikiren eta familien etorkizuna Tubacexeko soldatetan eta existitzen den industrian dago, star-up berrietan edo zenbait diru banaketetan baino gehiago.

Ekonomia, pandemia eta erakunde krisialdia

COVID-19ak sortutako pandemiak eta krisialdi ekonomiko luzeak ez dute esparru pribatuan soilik eragin. Azken urteetan errealitate politikoa eraldatu da, 1978ko adostasun politikoak urratuta. Estatu Espainiarrean alderdi berriek protagonismo handia hartu dute: Ciudadanos, Vox edota Podemos, kasu.

Katalunian ere bistakoa da zer gertatzen den erakundeek jendearen gogo eta nahiei erantzuten ez dietenean. Preso politikoen aldeko aldarriek liskarrak sortu dituzte kaleetan, Procesari lotutako mobilizazioetan zein Pablo Haselen espetxealdiaren ostekoetan.

Euskal Autonomia Erkidegoan askok uste dute tokiko status quoa aldaezina dela, eta hala ematen du, baina norberak sortu dituen oinarri materialak txikituz gero, ondorioak kontrolaezinak izan daitezke.

Tubacexeko 150 kaleratzeak egikaritzen badira, bere sufrikario sozioekonomikoan sakontzen jarraituko du Aiaraldeak, eta ondorioak latzak izango dira guztiontzat, eskualdeko gaitasun ekonomikoak nabarmen egingo baitu behera.

Ezinegon hori nola azaleratuko den da galdera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide