ERREPORTAJEA

Edadetuak pandemian: izua vs itxaropena

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko mar. 21a, 09:00
Arespalditzako nagusien egoitzako bi erabiltzaile. / Aiaraldea.eus

Nola bizi izan dute edadetuek pandemia? Arespalditzako nagusien egoitzako erabiltzaile eta langileekin hitz egin dugu gai horren inguruan. 

Beldurra eta esperantza. Bi emozio horiek nagusitu dira pandemian zehar, bakardade eta isolamenduaren albo kalteekin batera. Hala diote, behintzat, nagusiekin lanean aritu direnek. Urtebete igaro da koronabirusaren pandemiak eskualdeko eta mundu osoko bizitzak hankaz gora jarri zituenetik. Adinean goren daudenak izan dira hasiera-hasieratik jopuntuan egon direnak; talde zaurgarrienak izanik, beldurrez eta kezkaz bizi izan dituzte azken hilabeteak. 

Olatuekin islatu dute COVID-19 birusak eragindako uholdea. Etxealdiak, deseskalatze faseak, konfinamendu pertsonalak eta perimetralak… Lurraldeak, gorputzak eta bizi ohiturak baldintzatu ditu osasun izurriteak, ezbairik gabe. Nola bizi izan dute, ordea, osasun- eta sistema-krisia edadetuenek? 

Bakardadea eta  etxealdia izan dira nagusienentzat faserik gogorrenak pandemia garaian, baita elkar ezin ukitzea ere

Nagusien egoitzak, foku

Koronabirusak gogor kolpatu ditu eskualdeko nagusien egoitzak, baita Euskal Herriko beste zenbait edadetuen zentro ere.  Eskualdeari dagokionez, 2020ko martxoaren 25ean hil zen Laudioko San Roke zentroan lehen egoiliarra, COVID-19 proban positibo eman eta gero. Urduñan maiatzaren 14an itzuli ziren egoitzara birusak gaixotu eta ospitaleratu zituzten 4 egoiliarrak, eta harrera beroa egin zieten, txistulari eta dantzarien omenaldiarekin. Arespalditzako Alday zentroan ere 11 eri utzi zituen birusak, eta egoiliar bat zendu zen. Pandemiaren lehen sei hilekoan 10 herritar hil zituen koronabirusak bailarako nagusien egoitzetan: 6 Amurrion, 3 Laudion eta bat Aiaran.

Urtarrilean ekin zioten txertaketa faseari eskualdean. Edadetuen zentroak izan ziren, osasun langileekin batera, dosia jaso zuten lehenbizikoak. Juan Carlos Vadillo arespalditzarrak Arespalditzako edadetuen egoitzan barrutik bizi izan ditu fase guztiak. “Hasierako garaia oso gogorra izan zen, logeletan itxita egon behar izan genuenean bazirudien zerua eroriko zitzaigula gainera; baina gero pasatu egin zen”, oroitu du. Orain, ordea, oso pozik dago, “eta oso lasai”. 

Irakurtzen igaro ditu asteak, “paseatzen, bizikleta estatikoan eta gimnasioan denbora pasatzen”. Familiaren kezka edo larritasuna iruditu zaio zailena: “Ez zuten hemen geratzea nahi, euren etxeetara joatea nahi zuten, han hobeto egongo ginelakoan. Nik argi nuen hemen ondo nengoela eta hemen geratu nahi nuela, ez nuen gehiago kezkatzerik nahi”. Vadilloren kasuan ez du beldurra sentitu, “ardura izatearekin nahikoa da”. Santurtzin eta Gasteizen ditu senideak, eta urruntasunak ez dio hurbiltasuna lapurtu. Lau ebakuntza izan ditu azken urteetan “baina Etxaurrengo ama birjinari eskerrak salbatu naiz”. 

Nagusien egoitzetan 11 herritar hil dira koronabirusaren ondorioz 2020an zehar. Abuztua bitarte (lehen kolpean) zendu ziren horietatik 10: zazpi Amurrion, hiru Laudion eta bat Aiaran 

Txertaketan esperantza

Pandemiaren bilakaerari buruz, txertaketan du esperantza: “Jendeak txertoa jartzen badu errazagoa izango da bukatzea, baina ez dakit noiz bukatuko den”. Hori dela eta, lasaitasunez hartzeko deia luzatu du: “Gu txertatu gara, kontua zail dago. Gazteek, adibidez, zail dute lan egoera. Ez dira garai goxoak”.  Txertoa jasota, normaltasunera itzultzea desio du. Haren kasuan, ez dio albo-kalterik utzi dosiak: “Lehen txertoarekin besoan mina izan nuen baina dutxatu ostean joan zitzaidan, eta bigarren dosiarekin ez nuen ezer nabaritu”. 

Bisitak mugatzea, egoitzetatik kalera ezin ateratzea, buru osasunaren galera antzematea… Orotariko egoerak gainditu behar izan dituzte senideek ere. Castañares-Urkijo sendiak ondo daki hori zer den.

Ziurgabetasuna nagusi

"Ziurgabetasuna, ezjakintasuna eta informaziorik gabeko hilabeteak". Hala bizi izan dute Castañares-Respaldiza sendikoek pandemia garaia. "2020ko martxoaren 12an izan genuen amamari bisita egiteko azken aukera. Hasieran 15 egunerako itxialdia izango zena ziurgabetasunez betetako hilabete bilakatu ziren". 

Laudioko  nagusien egoitzan dute ahaidea, eta ekainaren 8an izan zuten berriro aurrez-aurre ikusteko aukera. Paseoak, aldiz, uztailean berreskuratu zituzten, eta uztailaren 18an eten ziren. Tarte horretan bideo deiak izan dituzte komunikazio kanal nagusi: "Aurrerapausoa txikia da oraindik: urtarrilean eta otsailean txertaketa eginda, aste osoan zehar 4 paseo egin ditzakegu". 

Gogorrena amamaren egunerokotasunaren berririk ez izatea egin zaie: "Hasieran zaurgarriak zirenez babestuak zeudela pentsatu genuen, baina babestuak izatetik baztertuak izatera pasa diren sentsazioa izan dugu". Bakarrik eta isolatuta egon direla jakitea izan da malda handiena, euren hitzetan, "kontaktu fisikorik ezin edukitzea. Martxoaren 12an agurtu genuen emakume hura, ekainaren 8an beste bat zen. Aurrez aurrekoan oso baxu eta ahul ikusi genuen". Castañares-Respaldiza familiaren irudikoz, emozio zerrenda luzea da: urduritasuan, amorrua, tristura, inpotentzia, egonezina, arduradunen isiltasuna, negarra...  

Erabakiak eta neurri berriak ezarri ahala, erakundeen kontraesanak ez ulertzeak sutu ditu, aitortu dutenez. Nagusien sentipenei dagokienez, "zaila da asmatzea euren buruetatik zer pasatu den, are gehiago alzheimerra duen baten burutik, baina agerikoa da bakardadea izan dela gogorrenetarikoa. Itxialdia euren gelan bakarrik igaro izana, gelan jatea, lo egitea, dutxatzea... Lau pareta artean hiru hilabete luze. Inork ez zuen baloratzen konfinamendu horrek eurengan izan zezakeen eragina. Itzela izaten ari da". Egoera "baretu" arren, aiaraldear askorengan marka utzi duen olatua izan da beraz koronabirusa. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide