Tubacexeko beharginek 35 egun bete dituzte greban eta dagoeneko bost astez luzatu den borrokak orotariko irudiak utzi ditu.
Ertzaintzak, ordea, hainbat aldiz egin du herritarren informazio eskubidearen aurka. Greba mugagabea abiatu zenetik, gutxienez, hamar herritar identifikatu dituzte sakelakoarekin edota argazki kamerarekin irudiak filmatzeagatik, Aiaraldea Hedabideko kazetariak tartean.
Horrez gain, Ertzaintzak behin baino gehiagotan baztertu ditu bultzaka piketeetako irudiak hartzen zeuden herritarrak eta Aiaraldea Hedabideko kazetariak: komunikabideko kideen kamerak kolpatuz, telefono mugikorrak botata, "sasi-kazetari" bezalako terminoekin gutxietxiz edota atxiloketekin mehatxatuz.
Balkoietatik piketean gertatzen zena grabatzen ari ziren auzokideak grabatzera ere heldu da polizia.
Polizia grabatzea eskubidea da
Aurrekari arriskutsua ezarri dezake Ertzaintzaren jarrera horrek. Izan ere, informatzeko eskubidea herritar orok duen oinarrizko eskubidea da. Ez da kazetaria izan behar poliziaren operazio bat dokumentatzeko, jardunean ari diren funtzionario publikoak baitira. Poliziaren azken egunetako jardunak, ordea, zalantzan jartzen du eskubide hori gauzatzeko herritarrek duten bermea.
Mozal Legea bezala ezagutzen den Herritarren Segurtasunerako Legeak arautu egiten du informatzeko eta polizia grabatzeko eskubidea. Araua argia da: poliziak grabatu daitezke. Irudi horien erabilerak ekar dezake arau-haustea, ez irudiak propioki hartzeak.
Arau-hauste bezala kontsideratuko dira "polizien segurtasuna edota operazio polizialaren arrakasta arriskuan" jartzen duten irudiak zabaltzea. Gainera, poliziaren balizko salaketa batek behar bezala arrazoitu beharko ditu argudio horiek. Mozal Legearen aplikazio arbitrarioa, baina, beti egongo da hor.
Poliziak herritarrak identifikatu ditzake grabatzen aritzeagatik, bideo eta argazki horiek gerora izan dezaketen erabilera okerra ikertze aldera. Ezin du inolaz ere irudiak filmatzea ekidin.
Irudiak hartzeak duen garrantzia
Teknologia berrien hazkundeak kalitatezko kamara bat jarri du herritar bakoitzaren sakelakoan. Horiei esker poliziaren gehiegikeria ugari grabatuta geratu dira, kazetariek jaso ezin dituztenak. Tubacexeko lan gatazkan, kasu, irudi horiek funtsezkoak izaten ari dira gertakari asko dokumentatuta geratzeko.