Gaur bertan iragarriko du Tubacexeko zuzendaritzak Enplegua Erregulatzeko Espedientearen inguruan hartutako erabakia. Langileen eta enpresaren arteko negoziaketak iragan asteazkenean bukatu ziren, inolako akordiorik gabe.
Elkarretaratzea egin dute grebalariek gaur goizean Zamudioko Parke Teknologikoan Tubacexek duen bulego nagusiaren aurrean. Zurezko 150 gurutze jarri dituzte eraikinaren inguruan, kaleratuak izango diren langileak irudikatzeko. Tentsio uneak bizi izan dira zuzendaritzako autobusa bulegora sartu den unean.
Eskualdera bueltatu aurretik, manifestazioa egin dute parke teknologikoan barrena.
Zuzendaritzarekin bilera
13:00etan zuzendaritzarekin elkartuko dira Enpresa Batzordeko ordezkariak, Bilboko hotel batean. Bilera horretan jakinaraziko zaie zuzendaritzak hartutako erabakia. Langileek 16:00etan Laudioko lantegiko sarreran elkartzeko deia zabaldu dute.
Kaleratzeak mahai-gainean dauden bitartean greba mugagabearekin aurrera jarraituko dutela adierazi dute Enpresa Batzordeko kideek. Gaur 36 egun bete dituzte greban.