Arratsaldeko lehen orduan izan da Tubacexeko zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen arteko bilera. Hitzordua hasi eta gutxira zabaldu da hedabideetan zuzendaritzaren asmoa: 129 enplegu suntsituko ditu guztira. Horietako 95 kaleratze traumatikoak izango dira, 12 aurrejubilazioak izango dira eta 22, aldiz, baja boluntarioak.
Enpresako buruek jakinarazi dute dagoeneko zeintzuk diren kaleratuko dituzten langileak.
16:00etan ehunka langile batu dira Laudioko lantegiaren aurrean, Enpresa Batzordeak deituta. Borrokan jarraitzeko deia zabaldu dute bertan sindikatuetako kideek. "Elkartasuna adierazi nahi diegu kaleratuak izango diren pertsona guztiei", adierazi du Edu Iberniak, batzordeko presidenteak, "orain inoiz baino gehiago, ezin ditugu pertsona hauek albo batean utzi, ezin dugu eskualdea albo batera utzi".
Sindikatuetako ordezkariek ohartarazi dute orain langile batzuk bota nahi dituztela, baina hurrengoan gainontzeko beharginei egokitu ahal zaiela. Horren aurrean, orain arte egindako borrokaren fruituak nabarmendu ditu Iberniak: "Oso lorpen garrantzitsuak erdietsi ditugu. Eginiko elkarretaratze, mobilizazio eta piketeek aurreikuspen guztiak gainditu dituzte".
Enpresa batzordeko kideek jakinarazi dute "epaitegien bidea" jorratuko dutela orain, baina azpimarratu dute ez dela ezer aldatzen. "Gaur ez da ezer amaitzen, borrokan jarraitu behar dugu fabriketako atarietan. Partidak aurrera jarraitzen du eta emaitza bakarra dago: garaipena".
Langile batzuek hartu dute hitza jarraian. Behargin batek nabarmendu du funtsezkoa dela astelehenetik aurrera grebarekin jarraitzea eta lanera ez sartzea. "Badakigu jende asko egoera ekonomiko zailean egon daitekeela. Horregatik, sindikatuetan edo lagunengan babesa bilatzeko deia luzatzen dugu. Behar baldin bada guztion artean botea jarriko dugu behargin baten alokairua ordaintzeko, baina funtsezkoa da astelehenean fabrikara inor ez sartzea".
Laudioko Babes Zibileko kideek, euren aldetik, zozketa herrikoia abiatu dutela jakinarazi dute: "Biltzen dugun diru guztia Tubacexeko langileentzat izango da", iragarri dute.
Bukatzeko, Iberniak gogorarazi du Aiaraldeko hainbat lantegietako Enpresa Batzordeek mobilizazioa egingo dutela astelehenean, eta bertara joateko deia luzatu die behargin guztiei.