IRITZIA

129 kaleratze Tubacexen, 46 segundo Teleberrin

Aitor Aspuru Saez 2021ko mar. 21a, 08:00

Tubacexeko enpresa batzordeko kideak hedabideei adierazpenak egiten. / Aiaraldea.eus

Ostegunean Tubacexeko zuzendaritzak jakinarazi zuen ia 100 langile modu traumatikoan kaleratuko dituela, baina Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez dugu ezer entzun, indar osoa, antza, Corrugados Azpeitiaren kasuan jarri baitute.

Ostegunean Tubacexeko zuzendaritzak iragarri zien sindikatuei guztira 129 lanpostu suntsituko dituela Aiaraldeko lantegietan. Bilera hori hasi baino lehen, zuzendaritzak EITBri eman zion informazioa, eta langileen ordezkariek horren berri izan zuten twitter bidez.

Hala ere, EITBk ez zuen bereziki ustiatu modu esklusiboan lortutako albistea. Eguerdiko ETB2ko Teleberrian 46 segundo besterik ez zuen  iraun informazioak -ezta segundo erdia kaleratu bakoitzagatik-, eta hasierako berri nagusien artean ez zen ezta agertu. Athletic eta Errealaren arteko Errege Kopako finala EITBn bertan emitituko zutela izan zen eguneko izarra; lehentasunak zeintzuk diren argi eta garbi adierazita.

Gauerako, aldiz, 129 langileren kaleratzeak -traumatikoak, adostuak eta aurreerretiroak batuta- ez zuen inolako garrantzirik izan EITBrentzat, albistea ez baitzen agertu saio osoan. 

Tubacexeko ikusgarritasun ezarekin ez bezala -eta agian Aiaraldeko enpresari dagokioen protagonismoa lapurtuta-, Corrugados Azpeitiako hika-mikak Teleberriaren hainbat minutu hartu zituen ordea.

Ostegunean bertan, 100 lagun baino gehiagoren kaleratzeek 46 segundo merezi zuten bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta Azpeitiako Udalak duten polemikak 2 minutu eta erdi jaso zituen. Hori eguerdian. Gauean Tubacex desagertu zen, baina Azpeitiako talka horrek mantendu egin zituen bere 2 minutu eta erdiak.

Ostiralean, Tubacexeko kaleratzeen ertzak berriro ikusezin ziren Teleberrian, baina Azpeitiako aferak sekulako jarraipena izan zuen EAEko telebista publikoan. Atzo ere oihartzun izan zuen.

Anekdota hutsaren itxura duena, aski adierazgarria da Eusko Jaurlaritzak izan duen jarreraren inguruan Tubacexeko gatazkan; Multinazionalaren kaleratzeen aurrean, Eusko Jaurlaritzak neutraltasun susmagarria erakutsi du.

Arantxa Tapiak zein Iñigo Urkullu Lehendakariak ez zuten hitz bat ere esan enpresaren zuzendaritzari ezer eskatzeko. Gehienez, langileei zein enpresako arduradunei erru maila bera leporatu eta akordioaren beharra adierazi zuten.

Jarrera epel horrekin alderatuta, Arantxa Tapia ikusteko aukera dugu egunero, Azpeitiako Udalari esaten Corrugados Azpeitia berriro ez dela irekitzen ez delako Hirigintza Araudiak ez duelako baimentzen, baizik eta “borondate politikoa” ez dagoelako.

Sailburuarekin ados egonda puntu horretan -ekonomia ere politika dela-, eskertuko nuke jarrera irmo hori adierazi izana 129 aiaraldearren lanpostua defendatzeko. Izan ere, 8 milioi euroko diru-laguntzak jaso duen enpresa batek lanpostuak ez suntsitzea ere “borondate politiko” kontua da. 

Aldiz, badirudi Tapiak nahiago duela txikiekin otso izatea eta handiekin uso. Horrela, erraztasun gehiagorekin sakatzen du herri baten udala -defendatzen duena industria astuna izateko kokapen egokiena ez dela herrigunea-, multinazional baten zuzendaritza baino, zeinak euskal herritarron diru publikoa banatzen duen bere akziodunen artean -ikusita langileen lanpostuei ez diela eusten-.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide