Guztiok jaso duzue albiste txarra; kaleratuen zerrendan zaudetela. Nola ikusten duzue etorkizuneko egoera?
Naiara Olabarrieta: Gu bostok kalean gaude, edo egongo gara, baina bitartean gogoa daukagu elkartasun kutxa eta borrokan jarraitzeko. Momentuz, azken hitza ez da esan. Zuzendaritzak hartu du erabakia, baina gure aldetik ere badago erabakia eta hemen jarraituko dugu. Saiatu behar dugu egoerari buelta ematen eta denok lantegiko atetik sartzen.
Nortxu Iturrioz: Ni iritzi berekoa naiz. Eurek esan dute gu kalera joan behar garela, baina nik uste dut gure lagun eta lankideek erabaki dutela eurekin sartuko garela enpresan eta hori da gure indarra eta itxaropena.
Julen Cicero: Une honetan bi bide daude: epaiketa eta gurea. Gure bidea da kalean eustea, erresistentzia eta kaleratzerik ez egotea; guztiok barrura itzultzea edo ez gara sartuko.
Urtzi Maio: Guztion artean erakutsi dugun elkartasunak jarraitu behar du eta jakinazi behar diogu zuzendaritzari eurena ez dela azken hitza, baizik eta gurea. Mantenduko ditugu gure indar guztiak eta langile guztiok berriro sartu arte ez dugu etsiko.
Aitor Bordagarai: Garaipena atean dago, guztiok batera. Bestela ezinezkoa izango da berriro sartzea.
Naiara Olabarrieta: Espero dugu epaiketaren emaitza ona izatea, gure aldekoa, baina nahiz eta epaileak kontrakoa erabaki, guk gure indarra baliatu behar dugu egoerari buelta emateko.
Nortxu Iturrioz: Guretzat garrantzitsuagoa da guk lortzea, epaitegi batek egitea baino. Jakina, ondo etorriko litzaiguke, baina askoz hobea da guztiok batera sartzea eta eurek atzera egitea.
Greba ahalduntze prozesua izan da zuen artean, nola bizi izan duzue hori?
N. O.: Nik, harrituta. Gainezka. Ez genuen espero hainbeste babes izatea kanpotik, baina gure arteko elkartasunak ere harritu eta poztu nau. Azken finean, erakutsi behar dugu langileriaren indarra. Horrekin jakinarazi behar diogu zuzendaritzari gure iritzia ere kontuan hartu behar dutela.
N. I.: Historikoki horrela lortzen dira gauzak. Lehen 10 edo 12 orduko lanaldiak zeuden eta hori elkartasunaren eta borrokaren bidez aldatu zen. Azken urteotan erasoak jaso ditugu eta irentsi egin ditugu. Uste genuen agian ez ginela gai izango elkarrekin aurrera egiteko eta egiten ari gara. Zoragarria izaten ari da.
J. C.: Ni ordezkari sindikala naiz eta ez genuen espero hain erantzun onik. Ni egunero hunkituta nago Amurrioko atean ikusten dudanagatik. Langile guztiok gaude baturik eta ahaztu egin ditugu sindikatuak eta gure iritzi pertsonalak. Argi ikusi dugu gure etsaia zuzendaritza dela eta horren aurrean egon behar garela. Nik 20 urtean ez dut horrelakorik ikusi, ez Tubacexen, ez Aiaraldea osoan.
U. M.: Greba hasi zenean nik beldurrak eta zalantzak izan nituen. Ez nekien nola erantzungo genuen. Denok esaten genuen luzerako izango zela, asteak edo hilabeteak. Baina denbora igaro ahala, ikusi dugu elkartasunak indarra ematen digula. Gero eta gehiago.
Ikustea ostalariak etortzen zirela edozer gauza edo animoak emateko, eta eskatzeko borrokarekin jarraitzeko, indar gehiago ematen dizu horrek. 40 egun igaro dira jadanik eta indarrez beteta gaude. Esango nuke hasieran baino gehiago.
J. C.: Bai, gehiago, duda barik.
U. M.: Eta ez da bakarrik langileek erakutsitako indarragatik. Kanpotik heldu den elkartasunak indartu gaitu. Beste hainbeste denbora borrokan jarraitzeko indarra daukat.
A. B.: 2000. urtean gauza bera gertatu zen, duela 21 urte, eta langile gehienek ez dute hori sentitu edo lortu. Nire ustez oso garrantzitsua da gure kabuz hori lortzea. Hurrengo urteak, nire aburuz, hoberenak izango dira, lasaiagoak, baina gu ahaldunduta sartzen bagara, errazagoa izango da. Hori gertatu zen 2000. urtean, 2010. urteraino hobekuntzak eskuratu genituen eta geroztik galtzen atera gara. Banaketen ondorioz, hori errazagoa izan da zuzendaritzarentzat. Hori bai, orain denok batera, batasun honekin oso indartsuak gara. Jendeak ikusi du lortuko dugula.
J. C.: Enpresa honek gauza bat egin du oso ondo. Irakatsi digu zer den langile klasekoa izatea. Ondo azaldu digu eta ondo ulertu dugu Aiaraldea osoan: eurentzat zenbaki hutsak gara bakarrik.
N. I.: Pixkanaka-pixkanaka joan dira gure eskubideak kentzen eta heldu da unea zeinetan hordagoa bota duten. Orduan esan dugu, "Hau onartezina da, honaino". Espero dugu gu mantentzea eta eurek atzera egin behar izatea.
“Uste genuen agian ez ginela gai izango elkarrekin aurrera egiteko eta egiten ari gara. Zoragarria izaten ari da”
Borrokatzen ari zarete enpresara itzultzeko. Pentsatu duzue nolakoa izan daitekeen itzulera?
N. I.: Lortzen badugu guztiok sartzea, batuta eta lehen baino hobeto izango da. Orain oso argi daude zeintzuk diren jarrerak zuzendaritza eta gure artean. Kontrakoa gertatzen bada, oso gaizki.
U. M.: Denok sartzen garenean, indartuta izango da. Gainera, gogoz sartuko gara eta enpresari erakutsiko diogu profesional oso onak garela, baina aldi berean ez dizkiogu onartuko orain arte egindako hainbat gauza. Honaino heldu gara eta etorkizunean gure onarpena beharrezkoa izango da.
N. O.: Orain arte inposizioa besterik ez dute erabili. Beti aipatu dute negoziazioa beharrezkoa zela, baina ez da inoiz horrela izan. Beti beraiek esandakoa eta indarkeriaz. Lortzen badugu atea guztiok batera zeharkatzea, langile batzordeak ere indar handia izango du negoziatzeko orduan. Zuzendaritzak ulertu behar du negoziazioa behar dela eta gure iritzia aintzat hartu beharko duela.
J. C.: Ez dugu ahaztu behar aurten amaitzen dela epea lan hitzarmena negoziatzeko. Sartzen garen edo ez, hurrengo hitzarmena baldintzatuko du. Euren apustua da hitzarmena txikitzea eta erditik kentzea. Gatazka hau ondo bukatzen bada, zuzendaritzak pentsatu beharko du hurrengo urratsak nola eman. Bestela gureak egin du. Ez dugu ahaztu behar zein den egoera Tubos Reunidosen, Guardianen, Autogalsen, Aiala Vidrion... enpresariak hona begira daude, gero eurek Tubacexeko eredua erabiltzeko.
N. I.: Egoera oso argi dago: edo eurak edo gu. Asko dugu galtzeko.
N. O.: Eta irabazteko ere.
Eskualdean jaso duzuen babesa handia izan da, baina hemendik kanpo ez dirudi erakundeek zuen alde egin dutenik. Zer sumatu duzue zuek?
U. M.: Nik uste dut ez duela oihartzun handirik izan gatazka honek. Nahiko nuke Eusko Jaurlaritzan eta politika munduan, oro har, gehiago hitz egitea honi buruz. COVIDaren ostean sortutako gatazka hauek oso neurtuta daude Confebask eta Jaurlaritzaren artean, nire ustez. Horregatik daukate hain alboratuta gure gatazka eta hemendik aurrera agertuko diren guztiak. Guk ireki beharko genukeen bidea izango litzateke gatazka zabaltzea Aiaraldetik kanpo ere.
A. B.: Nik ez nuen gehiegi espero Urkulluren aldetik, baina gogorra izan zen ikustea Eusko Legebiltzarrean nola errepikatzen zituen zuzendaritzaren hitzak. Arantxa Tapia, bestalde, suposatzen dut sartuko dela Tubacexeko Administrazio Kontseiluan zuzenean.
J. C.: Eusko Jaurlaritza Tubacexeko akzioduna da. Euskal funtzionarioen erretiro plana hemen inbertitu dute eta horrela jardun dute, akziodun moduan. Ez dute pentsatzen langileen etorkizunean. Tamalgarria da euren portaera, baina akziodunak izanik, ez genuen asko espero. Ostegunetik aurrera Corrugados Azpeitiako aferarekin tematu dira eta Tubacex ahaztu dute. EITB etorri da asteleheneko manifestaziora, baina Eusko Jaurlaritzak agintzen diona beteko du.
N. I.: Gainera, erakundeek berdintasunarekin betetzen dute ahoa, emakumeekin edota kontziliazioarekin, baina gero ezerezean geratzen da. Seme-alabak izan eta gero oztopak besterik ez dizkigute jartzen. Nik espero nuen Eusko Jaurlaritzak gehiago babestea eta pena handia ematen dit betikoa gertatzea: handiak jaten du txikia. Penagarria guztiz. Lotsagabeak.
Emakumearen egoera aipatu duzu eta bazterketa horrek isla du kaleratzeetan, zer gertatu zaie Tubacexeko emakume langileei?
N. O.: Lanaldi murrizketan zeuden emakumeek -baita gizonezko batzuek ere- bazuten lanpostua fabrikan. Murrizketa eskatu ostean, zuzendaritzaklanpostu horietatik atera eta oztopo egiten ez dieten lan batzuetan jarri zituen. Betebehar horiek, maiz, ez dira lanpostua finko, berez: kamioiak kargatzea, txarto dauden tutuak konpontzea... Kaleratuen zerrenda argitaratu dutenean, "kasualitatez", lanpostu horiek soberan daude. Jakina, lanpostuak ez direlako inoiz existitu. Ondorioz, emakume horiek guztiak kalera doaz. Hori da bidali diguten mezua: murrizketa eskatu dugun emakumeon gehiengoa soberan gaude.
“24 urteko langilea hil zen Laudion Celestino Danisek ezarritako neurrien ondorioz”
Prozesu hori azaldu duzue, emakumeei lotuta, baina bestelako batzuk abiatu ditu zuzendaritzak azken urteetan.
U. M.: Aldaketa horiek hasi ziren zuzendaritza berria sartu zenetik. Esmorisek kargua hartu zuenean Celestino Danis jarri zuen eta horrek markatu zuen, argi eta garbi, zeintzuk izango ziren hurrengo urteetako urratsak.
Lanpostuen baldintzak murriztu zituen, jendeak lanpostu ezberdinetan aritzea ezarri zuen, nahiz eta langileek ez ezagutu lanpostuak, eta jende berriari murrizten zizkieten egokitze prozesuak eta denbora tarteak.
Horrela ibili dira, ez dute inbertsiorik egin, makinak behar duten mantenurik gabe daude eta ematen du dena apur bat utzita dagoela. Hori da Celestino Danisek ezarritako ibilbidea.
Gainbehera hori hasi zen Esmoris sartu zenean. Eta beste kontu bat: Esmorisek Manu Sarabia ekarri zuen eta horrek betidanik esan du enpresa honetan langileek gehiegi kobratzen dutela eta sindikatuek botere handia dutela eta hori moztu behar zela. Horrez gain, erantsi zuen langileek ez dutela ohiturarik lanpostu anitzetan aritzeko eta hori aldatu behar zela.
Laburbilduz, duela 10 urte hori guztia aurreikusi zuten. Horrek sortu du prekarietatea eta 4 langile hil direla azken urteetan.
Kasu adierazgarriena da Ibairena; 24 urteko langilea hil zen eurek jarritako neurriengatik. Batez ere, Celestino Danisek jarritako neurriengatik. Berak ez zuen izan lanera egokitzeko denbora nahikoa, eta lanean hil zuten.
A. B.: Banatu gaituzte eta banaketa hori aprobetxatu dute. Orain aldatu da gure batasuna. Hori da euren oztopo nagusiena.
U. M.: Gertatutakoari buelta eman behar diogu. Inflexio puntua izan behar da hau: edo haiek aldatzea jarrera, edo ospa egitea. Hemen soberan daude. Beste modu batean lan egin behar da, badakigulako zelan egiten den.
“Greban gaudenok familia gara orain”
Eurek argudiatzen dute galerak daudela enpresan, baina zuek nola ikusten duzue benetan barrutik?
N. I.: Hau izan da gehienbat hordagoa. Mahai gainean jarri dute gure soldatak murriztea, edo hainbat langile kaleratzea. Eskubideak behin betiko galtzea besterik ez ziguten eskaini.
Hori ez dugunez onartu, kaleratzeak.
A. B.: Nire ustez, ezta hori ere ez da mahai gainean egon. Komunikabidetan esan dute hori, baina euren asmoa zen 150 langile kentzea.
N. O.: Gainera, aipatzen dituzten galerak ez dira existitzen. Uste zuten gehiago irabaziko zutela eta ez dute hainbeste irabazi.
Helburuak ez dituzte bete, baina hori ez da galerak izatea. Egun galtzen ari garenok langileok gara. Euren asmoa zen eskuratu ez dituzten mozkinak gure patrikatik jartzea.
A. B.: Ez dago galerarik hemen. Ez dute dirurik galdu. Amortizazioak izugarri igo dituzte eta galerak agertzen dira zenbaki moduan. Ordea, urteko emaitzak hartzen badituzu, betikoak dira. Ingeniaritza finantzarioa egin dute.
J. C.: Tubacex taldea osatzen dute 30 enpresek baino gehiagok. Euren artean banatu dute dirua. Iazko otsailean esan zuten bi urte eta erdirako kutxa zutela. Dirua badago eta iazko martxoan 200 langile gehiago zeuden, astebururo lanean geunden, eta 4. eta 5. txandak zeuden. Galerak leporatu dizkiete TTI eta Aceralava enpresei, baina hori ez da egia.
A. B.: EBIDTAri erreparatzen badiogu, hau da, amortizazioak eta zergak ordaindu aurretik dauden emaitzei, berdina da. Azkenean, nork galdu du? Guk. Guk gutxiago kobratu dugu eta eurek %11.
N. O.: Eurak ez dira espedientean egon.
“Enpresa honek gauza bat egin du oso ondo. Irakatsi digu zer den langile klasekoa izatea: eurentzat zenbaki hutsak gara”
Indartsu eta batuta bazaudete ere, nolakoa da grebalarien egunerokoa?
N. I.: Nik lanaldi murrizketa daukat alabengatik eta oro har lan egiten dut 07:00etatik 14:00ak arte, ordubete gutxiago. Orain piketean nago goizeko 05:00etan eta 11:00etan bukatzen dugu, baina gero manifestazioak eta bestelako jarduerak baditugu. Azkenean arratsaldean itzultzen naiz etxera maiz. Ordu gehiago ematen ditugu kanpoan orain.
U. M.: Piketeetan egotea txandaka banatuta dugu. 6 orduko txandak dira, baina estresa eta urduritasuna handia da: polizia dator, autobusa dator, albisteak agertzen dira... Horrek higadura handia sortzen du, baina bestalde, lankideekin gaude eta eurek ematen digute laguntza eta babesa. Horrek laguntzen du aurrera egiten. Nik ostiraletan bukatzen dut leher eginda eta asteburua behar dut deskonektatzeko.
A. B.: Familiarentzat ere gogorra da. Nire aitak, adibidez, 35 urtez lan egin zuen hemen eta orain hau ikusita leher eginda dago. Ez du ulertzen eta oso urduri dago. Gogorra da bera horrela ikustea.
N. I.: Oso arbitratioa da dena. Guztiok irabazi dugu lanpostua eta guztiok eman dugu onena hor.
A. B.: Hau garbiketa bat da. Batzuk ezberdin pentsatzeagatik, beste batzuk sindikatuetan egoteagatik, horiek lanaldi murrizketa eskatzeagatik, emakumeak arazoak direlako...
N. O.: Berregituraketa beharrezkoa izango balitz, bide ugari daude, baina egin dute bortizkeriaz. Hemengoak gara adibidea: emakumezkoak murrizketa hartzeagatik, Julen ordezkari sindikala izateagatik, Urtzi biltegian dagoelako, leku prekarioan, eta ni sindikatuan ere ibili naizelako.
“Kaleratze hauekin garbiketa egin nahi dute. Batzuek ezberdin pentsatzen dutelako, beste batzuek sindikatuetan egoteagatik, lanaldi murrizketa eskatzeagatik, emakume izateagatik...”
Une oso gogorrak bizi izan dituzue, baina hunkigarriak ere. Zein izan da adierazgarriena?
N. O.: Niri ostegun arratsaldean bizitakoarekin geratuko naiz. Ez dakit berriro lantegira sartuko naizen, baina oso une latzak izan ziren, jendeari jakinarazi baitzioten nortzuk izango ziren kaleratuak. Norberak bere arazoak ditu eta barneratzeko moduak, baina egon ziren anaitasuna, adiskidetasuna eta babesa ez ditut inoiz bizi. Mundiala izan zen eta horrek ematen digu indar gehiago. Izan ere, orain beste greba mota abiatu da eta garaia da erakusteko zein den gure indarra.
A. B.: Zerrendan ez zegoen jendea hor ikustea negar egiten...
N. O.: Eta besarkadak. Anaitasuna. Greban gaudenok familia gara une hauetan eta familia gisa nahi dugu berriro lantegira sartu.
N. I.: Herriaren babesa ere oso garrantzitsua da. Zure lankideekin pankartarekin igarotzen zarenean txaloak jasotzea, balkoietatik, lantegietatik... Hori izugarria da. Gure arteko anaitasuna ez nuen espero, baina are gutxiago uste nuen jendeak horrela erantzungo zuenik. Oso babestuak gaude.
A. B.: Babestuak eta ondo elikatuak (barreak).
N. I.: Bakoitzak ematen du ahal duena.
J. C.: Bai, egunero etortzen da jendea janaria ekartzera atera.
N. I.: Jendearen animoak oso garrantzitsuak dira.
N. O.: Jasotakoa islatu behar dugu, eta hemen jarraitu ez bakarrik gugatik. Gu gara lehenengo interesatuak, baina babesa eman diguten guztiei zor diegu nolabait. Aurrekari bat izan daiteke hau, indarrez gaude.
J. C.: Nik batzuei esan diet. Etxean triste bazaude, joan ateetara. Hor elkar animatzen gara guztiok. Alai eta animotsu itzultzen zara. Hemen egon ahala pozik zaude. Hemen egotea eta partekatzea. Hori da garrantzitsuena.
A. B.: Lankideok lagunak gara.