AINTZANE PRADERA GARATE

“Lanean jarraitzen dugu Korrika 2022an kalean eta errepideetan egon dadin”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mar. 28a, 08:00
AEKko kidea da Aintzane Pradera Garate. / Aiaraldea.eus

Amurrioko AEKren Euskaltegian bildu gara AINTZANE PRADERA GARATErekin (Barakaldo, 1982). Gaurko prestatu duten ekimenari eta aurrera begirako erronkei buruz mintzatu da. 

Pandemia dela eta AEKtik iragarri zenuten aurten ez zela Korrikarik egingo, baina beste ekintza batzuk antolatu dituzue. Zer helbururekin?

'Bultza Euskaltegiak, bultza gau-eskolak, bultza euskara!' hainbat helburu ditu eta horietako bat bada kalean egotea, Korrika aterako ez den urte honetan Korrikan plazaratu ohi dituen aldarrikapenak plazaratzeko: euskaltegien beharra, administrazioei egiten zaien eskaera... Beste helburu bat ekonomikoa da, noski. Ezin da Korrika ordezkatu, baina AEKren webgunean badago aukera ekarpen ekonomikoa egin ahal izateko. 

80 leku baino gehiagotan egingo dira gaur ekintzak eta egitaraua bera izango da guztietan, gutxi gora behera: bertsolariak egongo dira, umeentzako txokoa, musika... helburua plazak bete eta horren argazki bat betetzea izango da. 

Hutsune ekonomikoaz gain, Korrikak hutsune emozionala eta soziala ere utzi ditu, ez?

Prozesu gogorra izan zen Korrika 2022ra atzeratzearen erabakia hartzearena. Guk batzuetan bizitza ez dugu urteka kontatzen, Korrikaka baizik. Alde ekonomikoa alde batera utzita, emozionalki eta sozialki bagenekien kolpe itzela izango zela gizartearentzako eta AEK-rentzako. Erabaki potoloa izan zen, baina guztion onerako hartu behar izan genuen. 

Horregatik pentsatu genuen kalean egon behar ginela, segurtasun neurri guztiak beteta bazen ere. Horregatik aterako gara kalera gaur. Euskaltegien lekukoa plazetan egon dadin. 

“Eskertzekoa izan da jendeak izan duen jarrera, euskaltegietan izena ematera animatu direlako, euskara ikasteko grinarekin jarraitu dutelako. Baina noski, nabaritu da jaitsiera matrikuletan, logikoa den moduan”

Zer nolako eragina izan du pandemiak euskararen normalizazioan?

Ez-jakintasun handia genuen kurtso hasieran, ez genekien nola helduko genion ikasturte berriari. Eskertzekoa izan da jendeak izan duen jarrera, euskaltegietan izena ematera animatu direlako, euskara ikasteko grinarekin jarraitu dutelako. Baina noski, nabaritu da jaitsiera matrikuletan, logikoa den moduan. Gure egunerokoan ere eragin du: ezin ditugu taldeetan nahi haina ikasle izan, muga fisikoak dituzu, musukoa erabili behar dugu klaseetan, eta hasiera batean horrek zaildu egin zuen egunerokoa. 

Orain, ikasturtearen erdia pasata, esango nuke ia-ia ohitu egin garela musukoaren erabilerara, jende guztia bezala. Jendeak oso argi izan zuen hasieratik protokolo batzuk bete behar zirela Euskaltegira etortzeko, eta ez da arazorik egon. Baina egia da matrikuletan jaitsiera egon dela eta urte luzez gurekin egondako pertsona batzuk aurten ez direla etorri. 

Gaurko ekimena pasata, baduzue beste ekimenik antolatzeko asmorik?

Pandemiak uzten digunaren araberakoa izango da. AEK-ko koordinatzaile nagusiak eta Korrikako arduradunak, Alicia Iribarren eta Asier Amondok, prentsaurrekoan esan zutenean Korrika atzeratu behar genuela hori da kontatu zutena: Korrika atzeratu egin dugula. Beraz, lanean jarraitzen dugu Korrika 2022an kalean eta errepideetan egoteko. 

Hori da gure helburuetako bat hurrengo ikasturteari begira: Korrika egitea. Gure asmoa eta nahia da guztiok ezagutzen dugun Korrika jendetsu eta izugarria egitea, baina ikusteke dago pandemiak zer utziko digun egiten. Aukera guztiak aztertzen ari gara, ahalik eta ondoen atera ahal izateko errepideetara. 

Horrez gain, klaseak modu seguruan ematen jarraituko dugu. Laudio eta Amurrioko euskaltegietan aurrematrikula kanpainak abiatuko ditugu, hurrengo urtean ere jendeak izena eman dezan, euskara ikasten eta praktikatzen jarraitzeko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide