COVID-19 birusak eragindako pandemiak oztopatu du aurtengo Korrika, baina Euskal Herrian AEK-k 100 plaza baino gehiagotan jarri du mahai gainean euskararen aldeko ekimen jendetsu hori gaur bukatu behar zela.
Efemeridea baliatu dute gogoratzeko euskaltegiek lan handia dutela oraindik egiteke, euskara bizitzen erdigunean jartzeko. Hori dela eta, herritarren babesa eskatu du AEK-k, erakundeek beharrezko baliabideak bideratu ditzaten euskararen sustapenera.
Bide batez, erakundeak jakinarazi du 2022ko Korrika are garrantzitsuagoa izango dela: "40 urteren ostean, euskaltegiek bultzada ekonomikoa behar dute oraindik eta horretarako ezinbestekoa da Korrika. Bultza euskara, bultza Korrika!". Hain zuzen, martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean izango da datorren urteko edizioa.
Mezu hori zabaltzeko, Juan Urrutia eta Aldai plazak hartu dituzte Amurrion eta Laudion, hurrenez hurren, eta tokiko grafitigileak zein musikariak egon dira ekitaldietan.