Hasi dira Lanbide eta Seperen bulego berriak atontzeko obrak, Jose Matia kaleko 24-26. zenbakien artean dagoen lonjan. Construcciones Eginetxe enpresa arduratzen ari da lanak egiteaz, 629.478,86 euroren truke. Sei hilabete izango ditu proiektua egikaritzeko. Gauzak hala, urtea amaitu baino lehen egongo da azpiegitura berria martxan.
Lanbidek azaldu duenez, zerbitzuetara modu "eroso eta ordenatuagoan" iristea ahalbidetuko du espazio berriak. Erakundeak aurreratu duenez, taldekako formazioak egiteko guneak izango ditu egoitzak, eta baita "itxarongela eroso" bat ere.

Azpiegitura berriak 584,99 metro karratuko zabalera izango du, eta Seperen egoitza ere bertara mugituko da. Gauzak hala, bi erakundeek bertan eskainiko dituzte euren zerbitzuak, behin obrak amaituta. Bulegoak "espazio bakarrean" bateratuko dituzte, "baliabideen erabilera hobetuz".