Euskal Herriko Itzuliak Aiaraldea zeharkatuko du gaur: eliteko txirrindulariak, protestak, performancea eta zenbait eragozpen

Aitor Aspuru Saez 2021ko api. 7a, 13:46

Euskal Herriko Itzuliak hainbat aldiz bisitatu du Aiaraldea, baina aurtengo hitzordua berezia izango da.

Amurriotik abiatuko da Euskal Itzuliaren 3. etapa, Laudion amaitzeko, Ermualden, hain zuzen. Bidean Urduña, Aiara eta Okondo zeharkatuko ditu probak. ETB-1ek emitituko du, eta bidean Tubacexeko grebalariek edota Amurrioko Txirrindulari Elkarteak ere protagonismoa partekatuko dute txirrindulariekin.

Iazko hitzordua bertan behera geratu ostean, gaur helduko da, azkenik, Euskal Herriko Itzulia Aiaraldera. Eguerdian aterako da Amurriotik eta eskualdeko hainbat puntu igaroko ditu. Hasiera Amurrion egongo da 13:18ean, Elexondotik abiatuta, eta berehala Altubera joko dute txirrindulariek Arabako hamaika herritan lehiatzeko.

Gauzak horrela, hiru ordu beranduago agertuko da berriro tropela eskualdean, Urduñatik sartuta, eta gero Saratxo, Amurrio, Aiara, Laudio eta Okondo zeharkatuko ditu, berriro Laudiora itzultzeko eta Ermualden amaiera apoteosikoa izateko, ia 4 kilometroko igoeraren ostean.

Antolatzaileek ordutegia eta ibilbidea plazaratu dituzte, zaleek aintzat har dezaten. Gogoratu beharra dago prebentzio eta segurtasun neurri guztiak bete behar dituztela ikusleek COVID-19aren zabalpena ekiditeko:

Aldarrikapenak eta ospakizunak

ETB-1ek etapa emitituko duela baliatuta, Tubacexeko grebalariek lekua hartuko dute ibilbidean, Laudioko lantegiaren aurrean. Horrez gain, Amurrioko Txirrindulari Elkartea ere ikusgai egongo da. Hain zuzen, performancea egingo dute taldeko kideek herriko sarrerako errotondan, 134. kilometroan. Modu horretan ospatuko du taldeak bere 50. urteurrena. Iaz egin behar zuten, baina pandemiak ez zuen ahalbidetu.

Eragozpenak ere

Primoz Roglic txirrindulariak lideratzen duen lasterketak, hala ere, ez ditu eliteko kirolariak ekarriko bakarrik eskualdera. Berez, etaparen azpiegiturak zenbait eragozpen sortuko ditu. Arabako Foru Aldundiko hainbat autobus zerbitzu bertan behera geratuko dira:

  • 11:45 Gasteiz-Laudio
  • 12:45 Laudio-Gasteiz
  • 16:30 Gasteiz-Laudio
  • 16:30 Laudio-Gasteiz
  • 16:15 Artziniega-Okondo
  • 16:20 Okondo-Llodio
  • 17:10 Okondo-Llodio
  • 17:30 Llodio-Okondo
  • 17:50 Okondo-Artziniega

Horrez gain, Amurrion Elexondo kalea itxita dago goizeko zortzietatik, eta ezinezkoa izango da aparkatzea elizako aparkalekuan, Armurubenta kaletik Felix Murga kaleraino doan zonaldean eta Goikolorra plazan.

Laudion ere honakoa jakinarazi du udalak: "08:00etatik aurrera, debekatuta egongo da Sagasti kale osoan aparkatzea. Horretarako, ordezko aparkaleku bat jarriko da Ugarte plazan, proba amaitu arte bizilagunek euren ibilgailuak bertan utz ditzaten. Halaber, debekatuta egongo da Lamuza-Butroi kaleko aparkalekuan (Lamuza Ikastetxearen azpian) eta Lamuza kalean (Granjabide 1 eta 2 kaleen aurrean) aparkatzea. Bestalde, ezingo da Goienuri inguruan aparkatu, Ellakuri kalearekiko bidegurutzetik karabanen aparkalekuaren sarreraraino (igerilekuak), ezta karabanen aparkalekuan bertan ere ez."

Horrez gain, tokiko erakundeak oharra zabaldu du: "Lehen itzulia 16:30ak aldera izango da Laudion, eta 17:30ak aldera amaituko da. Hori dela eta, Larrazabal, Landaluze, Lamuza, Ugarte, Goienuri eta horien inguruko kale guztietako bizilagunei eskatzen zaie ordu horiek baino lehen atera ditzatela  ibilgailuak, baldin eta bidaiaren bat egiteko asmoa badute; bestela, lasterketaren mozketaren ondorioz, ezin izango baita kale horietatik zirkulatu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide