Tubacexeko grebalariak ez dira piketera azaldu gaur goizean Laudion. Aldiz, Amurrion 30 lagun inguru agertu dira. Librantza eguna hartu dute Laudion grebalariek, aurreko Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientearen ezartzearekin galdutako hitzarmen egunengatik protestatzeko.

Enpresa Batzordeak auzitara eraman zuen ABLEEaren aplikazioaren ondorioz langileek galdutako atseden egunen afera, baina epaileak ez zien arrazoia eman. Hori salatzeko, ez dira lantegi sarrera aurrean egon gaur goizean.
Poliziaren operatiboa
Piketean langilerik egon ez den arren Laudion, ohikoan bezala, Ertzaintzaren operatibo zabalak lagundu ditu zuzendaritzako kideen autobusak Tubacexeko atariraino.
Manifestazioa Bilbon
Bien bitartean, grebalariek aurrera jarraitzen dute 129 kaleratzeen aurkako mobilizazioekin. Igandean, greba mugagabearen 60. egunean, manifestazioa egingo du Enpresa Batzordeak Bilbon. 11:30ean abiatuko dira Jesusen Bihotza Plazatik.