Tubacexen defentsan milaka lagun atera dira Bilboko kaleetara

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko api. 11a, 17:16

Greba mugagabearen 60. eguna bete dute gaur Tubacexeko langileek. Kaleratzeak bertan behera uzteko exijitu dute Bilbon egindako manifestazio jendetsuan. Erantzukizunak hartzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Euriak ez ditu Bilboko kaleak bete dituzten milaka lagunak gelditu. Grebaren 60. egunean Tubacexeko langileak "lehenengo egunean bezain indartsu" daudela erakutsi dute. "Kaleratze, irtetze-data eta ABEEn ezarpenarekin gu banatzea lortu nahi dute, baina gure duintasuna, adiskidetasuna eta batasuna egunez egun hazten doaz, ez dute lortuko", adierazi dute mobilizazioaren ostean eginiko ekitaldian.

Aiaraldearen defentsan

Enpresa Batzordeko kideek eskerrak eman dizkiete egun guzti hauetan beharginekin batera mobilizatutako herritar eta elkarte guztiei. Halaber, gogorarazi dute gaur gaurkoz Tubacexek bizi duen egoera beste edozein enpresak ere bizi dezakela aurki: "Tubacexek erabili duenaren moduko estrategiek arriskuan jartzen dituzte enpresaren etorkizuna eta eskualde osoarena".

Instituzioei mezua

Eusko Jaurlaritzari eta alderdi politikoei ere zuzendu dira langileen ordezkariak manifestazio amaierako ekitaldian, konpromiso gehiago eskatuz. Patronalaren bozeramaile izateari uztea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta Tubacex bezalako enpresei emandako diru-laguntzen gaineko azalpenak ere eskatu dituzte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide