Aiara Berri, areto futbola eskualdean sustatzeko talde berria

Txabi Alvarado Bañares 2021ko api. 12a, 10:17
15 jokalarik eta delegatu batek osatzen dute taldea. / Aiara Berri

Pandemiaren erdian sortu dute taldea Amurrio eta Urduñako 16 gaztek. Igoera lortzea dute helburu aurtengo denboraldian.  

COVID-19ak erabat baldintzatu du eskualdeko kirol talde gehienen jarduna, baina badaude baita pandemiak bultzatuta sortutako ekimen berriak ere. Horietako bat da Aiara Berri areto futbol taldearena.

Amurrio eta Urduñako 16 lagunek osatzen dute egitasmoa, 15 jokalarik eta ordezkari batek. Gehienek Amurrioko talde batean jokatzen zuten iaz, baina pandemia hasi zenean, berezko bidea jorratzea erabaki zuten, “errutinak eragindako asperdurak” bultzatuta. 

Helburu nagusiarekin sortu zuten taldea; erabakiak euren kabuz hartzeko gaitasuna izatea. “Gure helburua Aiaraldean areto futbola sustatzea da”, azaldu dute Aiara Berriko kideek, “horrez gain, epe ertainera bigarren talde bat izatea nahiko genuke, baina lehenik eta behin igoera lortu beharko genuke, bigarren talde hori lehiatu dadin”. 

Sare sozialetan jarri dute indarra Aiara Berriko kideek. Partidak zuzenean emititzen dituzte astebururo, Instagram bidez

Aurtengo helburua, igoera

Gauzak hala, aurten igoera lortzea dute xede, eta asmo horrekin hasi dute liga, baina ondo hasi ere, lehen bi partidak irabazi baitituzte. 

Pandemiaren erdian sortutako taldea izanik, “ohituta” daude jokalariak birusaren zabalpena ekiditeko neurrietara. “Irailean, entrenamenduetara itzuli ahal izan ginenean, egoera arraroa zen hasieran. Legea betetzeko, honek ezarritako baldintzera egokitu behar izan dugu”.

Arrazoi horregatik, ezin izan dituzte buruan zituzten zenbait egitasmo egin.  “Pandemiak eraginda, egin nahi genituen hainbat ekintza bertan behera utzi behar izan ditugu, udako lagunarteko txapelketa tartean”. Zehaztu dutenez, bi helbururekin egin nahi zuten ekimen hori: areto futbolari ikusgarritasuna ematea eta taldearentzako dirua lortzea. 

Gauzak hala, sare sozialetan jarri dute indarra Aiara Berriko kideek. “Astebururo, gure partiden emanaldiak zuzenean eskaintzen ditugu gure Instagram kontuan”, zehaztu dute, “aurtengo partidak ateak itxita direla kontuan izanda, gure taldea ikusteko aukera paregabea eskaintzen dizuegu”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide