Bihar sartuko dira indarrean Tubacex enpresak egin dituen 129 kaleratzeak. Hori dela eta, hainbat langile igaro dira lantegietako aldageletatik, hango armairuetan zituzten gauzak jasotzeko.
Hori dela medio, Enpresa Batzordeak mezua zabaldu du, kaleratuak babesteko eta lasaitasuna eskatzeko: "Data honek, apirilak 15ak, ez du ezer aldatzen, gure ildoak aurrera jarraitzen du, langile kaleratuak eta gainontzekoak ez banatzeko. Denok gaude itsasontzi berean eta helburu berarekin: lanera itzultzea kaleratze traumatikorik gabe".
Halaber, sindikatuek salatu dute zuzendaritza hasi dela grebalariak deitzen, lanpostuetara itzuli daitezen. Horren aurrean, Enpresa Batzordeak gogoratu du horretarako bitartekaria bera dela eta zuzendaritzak irtenbide erraza duela hori lortzeko: atzera egitea kaleratzerik egon ez dadin.
Bide batez, batzordeko kideek honako gomendio hau luzatu diete beharginei: deiak grabatzea, telefonoaren beste aldean dagoena informatu ostean.