Greba mugagabearen 63. eguna bete dute gaur Tubacexeko langileek. Amurrioko lantegiko sarreran elkartu dira hiru fabriketako beharginak eta suzko barrikada piztu dute, sarrera guztiz oztopatuz. Suhiltzaileak bertaratu dira, baina sua itzali gabe alde egin dute berriro. Zuzendaritzako kideak, ordea, ez dira fabrikara sartu gaurkoan Amurrion.
Enpresak bihar egingo ditu efektibo Enplegua Erregulatzeko Espedientean aurkeztutako 129 kaleratzeak, eta langileak takiletako objektu pertsonalak jasotzera behartu ditu. Hitzorduak zehaztu dituzte kaleratuak izango diren langileekin eta euren gauzak jasotzera sartu direnak segurtasun zerbitzuko agenteen konpainian egin behar izan dute.
Martxa Gasteizera
Bihar, 8:00etan, Amurriotik martxa abiatuko dute langileek, ostiral goizean Gasteizko parlamentura iristeko asmoarekin, bertan elkarretaratzea egingo baitute 9:00etan. Bidean Gopegi herrian egingo dute lo.