Greba mugagabearen 65. eguna Gopegin hasi dute Tubacexeko langileek. Izan ere, atzo Amurriotik abiatu zen ibilaldiak Arabako herrian egin zuen geldialdia bart gauean.
Goizaldeko zortziak aldera iritsi dira Tubacexeko beharginak Gasteizera. Herritarrek txalo artean jaso dituzte eta ehunka lagun elkartu dira ibilbidearen azken kilometroetan.
Tentsioa parlamentuan
EH Bilduko legebiltzarkideek parlamentuko osoko bilkura jarraitzera gonbidatu dituzte Enpresa Batzordeko ordezkariak, baina eraikinaren barrualdera sartzeko trabak izan dituzte poliziaren partetik.
Osoko bilkura ospatzen ari zela tentsio uneak bizi izan dira Legebiltzarraren aurrean Ertzaintza langileen aurka bortizki oldartu denean.