Tubacex taldeko zuzendaritzak euskal erakundeen babesa eskatu du, gutxiengo zerbitzuak ekoizpenean bertan behera utzi dituen bitartean

Aitor Aspuru Saez 2021ko api. 17a, 10:16

Bilbon egindako manifestazioaren irudia. / Aiaraldea.eus

Tubacex taldeko zuzendaritzak eskutitza bidali die euskal erakundeetako hainbat ordezkariri, euren babesa eskatzeko. Aldi berean, enpresak erabaki du ekoizpeneko gutxiengo zerbitzuak kentzea Aiaraldeko lantegietan, 66 eguneko grebaren ostean.

Zenbait hedabidek jakinarazi dute Tubacex taldeko arduradunak harremanetan jarri direla euskal erakundeetako hainbat ordezkarirekin, euren babesa eta elkar ulertzea eskatzeko. Enpresak berretsi du bere apustua herrialdearekin eta errepikatu du ez duela atzera egingo kaleratzeetan.

Finean, Jesus Esmorisek sinatutako dokumentuak sindikatuak egiten ditu egoeraren errudun, soldatak jaisteari uko egin diotelako. Berez, zuzendariak adierazi du 129 langile botatzeko erabakia bere borondatearen aurka hartu duela, pandemiak eta energia berriztagarrien aldeko apustuak merkatuan sortutako joeraren ondorioz.

Tubacex taldeko zuzendariak adierazi die euskal erakundeei euren babesa behar duela eta ez duela asmorik atzera egiteko kaleratzeen aferan

Edonola ere, enpresako arduradunek azpimarratu dute kaleratzeak epaileen esku daudela eta eurek ez dutela iritzia aldatuko. Horrez gain, Tubacexek berriro adierazi du grebak zalantzan jartzen duela Amurrio eta Laudioko lantegien etorkizuna eta horri gehitu dio "komunikazio toxiko eta anonimoak" heltzen ari direla euren bezeroetara.

Gutxiengo zerbitzuak kendu

Enpresak komunikazio hori zabaltzen zuen bitartean ordezkari publikoen artean, langileei azaldu zien ekoizpeneko gutxiengo zerbitzuak bertan behera geratuko direla hurrengo astetik aurrera.

Tubacexeko gutxiengo zerbitzuak etengo dituzte ekoizpenean, ezin baitute aurreikusi noiz ekingo dioten berriro produkzioari

Ainhoa Rivera giza baliabideetako arduradunak sinatutako mezuak aitortzen du ezin dutela aurreikusi noiz hasiko diren berriro produzitzen eta uda ostean egiten den abiada estandarrak ez duela balioko.

Izan ere, udan egiten den geldialdia nabarmen gainditu du 2 hilabeteko grebak. Alegia, ekoizpena berreskuratzen denean, apurka-apurka egin beharko dute, makina guztien funtzionamendua berrikusteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide