Ostiralean Ertzaintzaren oldarraldiak ilundu zuen Tubacexeko grebalariek Amurrioko lantegitik Eusko Legebiltzarreraino egindako ibilaldia. Euskal poliziaren Brigada Mugikorrak beharginen aurka jo zuen goizean eta hainbat zauritu egon ziren.
Dagoeneko birala bilakatu den bideoko protagonistetako baten adierazpenak jaso ditu Aiaraldea Hedabideak. Zehazki, langilea bideoan ikus daiteke urritz makilarekin, hainbat borra-kolpe jasotzen: "Makila nuen ibilaldia egin nuelako eta erabili horretarako nuelako. Lehen lerroan nengoen eta dena ikusi nuen. Istiluak baino apur bat lehenago bultzaka bota gintuzten atzera eta nire aurrean nuen suzko arma zuen ertzaina. Agindu zidan atzera egiteko eta azaldu nion ezin nuela, dozenaka lankide nituela atzean eta ezinezkoa nuela. Orduan ohartarazi ninduen zaurituko ninduela armarekin eta erantzun nion ea mutur horretara heltzeko gai izango zen".
Oldarraldia bereziki bortitza izan da elkarretaratzearen puntu batean, antza, ibilaldian erabilitako gaztainondoko makil bat kentzeko, besteak beste. @argia @berria @naiz_info pic.twitter.com/EyDOChg960
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) April 16, 2021
Istiluen hasiera
Dena nola hasi zen galdetuta, beharginak argitu du eurek ez zutela inor iraindu ezta eraso: "Ez nengoen bidea oztopatzen, tranbiaren geltokian baizik, eta ez nuen inor iraindu. Bat-batean, Ertzaintzako bi buruek (marra zuria daukate kaskoetan) hitz egin zuten. Horietako bat joan zen nire aurrean zegoen ertzainarengana eta agindu zion tiro egiteko. Agente horrek, hasieran, ez zekien zer egin zehazki, lurrera edo airera tiro egin, baina detonazioaren ostean, Ertzaintzako buruak gure aurka bota zituen polizia guztiak eta borra kolpe pilo egon ziren".
Igor Goikolea kazetariak hartutako bideoan ikus daiteke hori guztia:
Por si hay alguna duda, las cargas de la Ertzaintza en la protesta de los trabajadores de Tubacex han comenzado cuando el agente Y2A9 ha lanzado este disparo al aire sin motivo justificado. pic.twitter.com/5wJVLoZrmk
— Igor Goikolea (@goikoleaigor) April 16, 2021
Horren ostean, langileak makila horizontalean jarri zuen kolpeak ekiditeko: "Bideoan borra kolpe pilo jaso nuela iruditu arren, makilak asko ekidin zituen, baina, azkenean, bat jaso nuen eskuan eta makila kendu zidaten. Hankan ere badut kolperen bat, baina ez da larria. Zorionez, neska batek ausart jokatu zuen eta oldarraldia gelditu zuen, neurri handi batean".
Zaurituak
Makila zuen langileak ez du berebiziko lesiorik izan, baina elkarretaratzean zeuden guztiek ezin dute gauza bera esan. Horietako bat deskribatutako pasartetik metro eskasera zegoen. Bere kasuan, oldarraldia ez zen kolpeekin hasi: "Nire aurrean zegoen ertzainak aurpegitik heldu ninduen eta maskara eta betaurrekoak bota zizkidan lurrera. Kolpeak etorri ziren jarraian, baina nik berreskuratu behar nituen maskara eta betaurrekoak; aurrera eman nuen urratsa eta nire gauzak hartzen nituen bitartean, ukondoan, besoan eta hankan jo ninduten. Ezkutu batekin ere kolpatu ninduten, eskuan".
La Ertzaintza pierde el control, se le va de las manos y empieza a cargar con fuerza. pic.twitter.com/CdfnYNVLDO
— Igor Goikolea (@goikoleaigor) April 16, 2021
Langileak leporatu zien poliziei bere gauzen bila joaten zen bitartean egurtu izana, eta konturatu zen bere alboan zegoen beste manifestari bat odoletan zegoela: "Gasteizen gure ibilaldira batu zen pertsona bat zen. Eskumuturrean zauri ireki bat zuen, agian 1,5 zentrimetrokoa, puntuak behar zituen. Eskuak odolaz blai zituen eta hori egitea aurpegiratu zion bere aurrean zegoen ertzainari. Are gehiago, bere odola hartu eta ezkutuan utzi zion. Une horretan heldu zen beste ertzain bat eta ostikoa jo zion hankan, ezer esan gabe".
Kolpeen ondorioez galdetuta, behargin honek adierazi du, gutxi gorabehera, ondo dagoela: "Ospitalera joan behar izan nuen, eskuan jasotako ezkutu kolpea dela medio, mina dut eskua ixtean, baina ez daukat ezer apurtuta".
Edonola ere, beste langile batzuek ubeldurak eta urradurak dituzte, argazkietan ikus daitekeen moduan.
Argazkiak: Tubacexeko langileak