ERREPORTAJEA

Aiaraldeko mapa eraldatuz doa eukaliptoaren monolaborantza

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko api. 21a, 07:00
Eukaliptoaren monolaborantza Aiaran. / Maddi Isasi

Aldatuz doa eskualdeko mendien kolorea. Intsinis pinuaren berde iluna ordezkatuz doaz eukaliptoaren tonu argiagoak. Basogintza politika, ordea, berdin jarraitzen du, eredu industrial berberak gobernatzen baititu gure inguruak. Australiako zuhaitz honen hedapena ukaezina da.

Eukalipto Eucalyptus generoko hosto iraunkorreko zuhaitza da. Enborreko azala leuna eta kolore argikoa du, eta 40 metroko altuera izan dezake. Jatorriz Australia eta Tasmania ingurukoa den arren, egunez egun geroz eta ohikoagoa ari da bilakatzen gure paisaian.

Izan ere, Eukaliptoa, Eukalipto urdina (Eucalyptus Globulus) hain zuzen, oso zuhaitz errentagarri bezala aurkeztu du basogintza industriak. 10-12 urteko ustiapen-zikloa du landare honek, denbora tarte laburra intsinis pinuaren 25 urteko ustiapen-zikloarekin alderatuz gero, eta are laburragoa tokiko zuhaitzen egurra errentagarria izateko behar duten denborarekin konparatuta.

Errentagarritasun handi horri merkatuaren eskari handia gehitu behar zaio. Papergintzaren oinarrizko osagaietako bat da, beste zuhaitz batzuekin batera, eukaliptoaren egurra, eta maskara kirurgikoak ere eukalipto egurraren mikro-zuntzekin egiten dira.

Bioaniztasunari kaltea

Eukaliptoa espezie inbaditzaileen zerrendan egon zen urte batzuetan, bioaniztasunean eragiten duen kalteagatik. Interes ekonomiko batzuek, ordea, zerrenda horretatik atera zuten.

Agente toxikoak metatzen ditu hostoetan, eta toxiko horiekin plagei egiten die aurre. Orbela, ordea, elikadura-iturria da gure inguruko espezie askorentzako, eta toxina horiek kalte egiten diote.

Sustantzia toxiko berdinek eragiten dute ere eukalipto basoetako bioaniztasunaren jaitsiera, ezinezkoa egiten baitu zenbait espezie bertan haztea.
Horrek bioaniztasunaren jaitsiera izugarria eragiten du eukaliptoa landatuta dagoen inguruetan: %99 liken gutxiago daude, %75 intsektu gutxiago, %65 hegazti gutxiago edota %50 anfibio gutxiago.

Eukaliptoak ingurumenean sortzen dituen kalte guzti hauek Arturo Elosegi EHUko biologian doktoreak jaso zituen txosten batean.

Ustiapen eredua

Mehatxu erreala ez da zuhaitza bera bakarrik, baizik eta honen ustiapen masiboa. Intsinis pinutik eukaliptora, zuhaitz espeziea aldatu bada ere, ustiapen eredu berdinak jarraitzen du indarrean: monolaborantzetan oinarritutako egiteko modu industrializatua.

10-12 urtero, eukaliptoak matarrasa mozten dira, hau da, lursaileko zuhaitz guztiak mozten dira momentu berdinean. Praktika honek eragin zuzena du lurraren egonkortasunean, eta erreka eta akuiferoak guztiz kaltetzen ditu sortzen den basa kantitate handiaren ondorioz.

Lurren mugimendu horrek kate-erreakzioa geldiezina eragiten du. Izan ere, arro hidrologikoetan gertatzen diren aldaketa horiek arrisku egoera larriak sor ditzakete, hala nola, uholdeak eta luiziak.

Okondon eukaliptoak udalerriko azaleraren %15,85 okupatzen du dagoeneko, eta ingurune malkartsuetan dago landatua

Zer esanik ez dago, eukaliptoak su hartzeko duen erreztasunak, non suaren hedapen azkar horrek lotura estua duen monolaborantza ustiapen ereduarekin. Eta hor datza eztabaidaren muina: ustiapen eredua da zalantzan jarri beharrekoa, ez espeziea.

Etenik gabeko gorakada

2020. urtean eukalipto basoek 1789 hektareako azalera zuten Aiaraldean, 2011an zenbatutakoa baino %500 handiagoa, orduan 338  hektareakoa baitzen Australiako zuhaitzaren hedapena. Zifrek goranzko bilakaera esponentzial bat erakusten dute, bederatzi urteko epean.

Hazkunde azkar horretan herri batzuetan beste batzuetan baino espazio gehiago hartu du landareak. Aiaran, Laudion, Arrankudiaga-Zollon eta Okondon, esaterako, nabarmena da hori. Okondoko kasua bereziki kezkagarria da. Herriaren azaleraren %15,85 hartzen baitu Australiako zuhaitzak, 480 hektarea. 
Arrankudiaga-Zollo da, Okondoren atzetik, eukalipto ehuneko handiena duen herria (%7,59), Laudiok ere antzeko zifrak ditu, herriko eukaliptoen 230 hektareek azalera guztiaren %6,15 okupatzen baitute.

Okondoko kasura itzuliz, are larriagoa da egoera, eukalipto ustiapen gehienak malda handiko guneetan baitaude kokatuta. Luizi eta uholdeak egoteko arriskua asko areagotzen du horrek. 

Gorriz eukaliptoaren hedapena Aiaraldean (2020ko datuak), 1.789 hektarea guztira. Berdez Mozketa sasoian dauden eta epe laburrean monolaborantza (nagusiki  intsinis pinua  edo eukaliptoa) ustiapenak bilakatu daitezkeen basoak, 5.745 hektarea (Bizkaiko datuak faltan)

Etorkizunera begira

2020an 1.789 baziren eukalipto hektareak, epe laburrean askoz gehiago izan daitezke. Eskualdean 5.000 baso  hektarea baino gehiago daude gaur egun mozketa fasetik gertu. Joerak berdin jarraitzen badu, hektarea horiek monolaborantzara bideratuak izateko aukera handiak dituzte. Horrek, ezinbesteak pinu intsinis eta eukalipto gehiago ekarriko ditu, eta basogintza politika zaharren mantentzea.

Enpresa handiak eta industria boteretsua dira eukaliptoaren hazkundearen atzean daudenak. Tokiko ekoizle ugarik ere landatzen dute eukaliptoa, beste alternatiba bati heltzeak  askoz lan eta esfortsu gehiago eskatzen duelako gaur egun. Baina bada kontrako bidea hartu duenik ere. Aiaraldea Hedabidea tokiko zuhaitzen aldeko apustua egin duten zenbait lursailen erabiltzaileekin jarri da harremanetan, eta aitortu egin dute espezie autoktonoen landatzeak esfortsu asko eta  berehalako etekin ekonomiko gutxi ematen dutela.

Badira, ordea, mahai gainean jarri beharreko bestelako  alorrak ere, faktore ekonomikoetatik aparte. Hori da, hain zuzen, haritza edota pagoak landatzearen alde egiten duten baserritarrek defendatzen dutena: Basoek onura ekonomikoetaz aparte, onura ekologikoak eta sozialak ere dakartzatela gizartera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide