Duela urtebete abiatu zuten El refugio de los Sabios, Urduñako animalien babeslekua. La Rondina industriaguneko futbol zelai zaharrean atondu zuten horretarako espazioa eta animalia ugari igaro dira bertatik dagoeneko. Lan boluntarioari eta udalarekin izandako elkarlanari esker egin dute aurrera, eta orain Zaraobeko ikasleen laguntza ere jaso dute.
Izan ere, ikastetxeko zurgintza moduluko ikasleek txakurrentzako 8 etxola eraiki dituzte. Atzo bertan jaso zituzten babeslekuko arduradunek. Aiaraldea Hedabideari azaldu diotenez, "oso baliagarriak izango dira eraikuntza horiek, babeslekuko txakurrei aterpea eskainiko baitiete".
9 dira gaur gaurkoz dauden txakurrak, baina askoz gehiago ere igaro dira bertatik. Txakurrak ez ezik, bestelako animaliak ere artatu dituzte: Zaldiak, astoak, katuak... Hain zuzen, zenbait katu kolonia dituzte hiritik barreiatuta, elikadura egokia jasotzen dutela ziurtatzen dute. Zaraobeko zenbait etxola kolonia hauetakoren batera bideratzea pentsatu dute: "kaleko katuentzako erreferentzia guneak ditugu hainbat auzoetan, eta bizilagunen laguntza daukagu hauei jaten emateko modu egokian".
Ikasleekin elkarlanean
Babeslekuko boluntario batek luzatu zion Zaraobe Institutuari elkarlanean proiektua garatzeko aukera, eta segituan hasi ziren lanean. Zurgintza moduluko bigarren mailako ikasleak bi hilabete egon dira proiektuan murgilduta: ereduak bilatu, planoak diseinatu, egurra landu eta margotu egin dute.
Oso pozik agertu dira ikastetxeko kideak lortutako emaitzarekin, eta esperientzia errepikatzeko gogoa dutela adierazi dute: "Lehenengo aldia da institututik kanpo elkarlanean horrelako lan bat gauzatzen dugula. Orain arte ikastetxeko azpiegiturak atondu ditugu moduluetako ikasleok, baina esperientzia hau aurrekari polita da eskualdeko gainerako eragileekin elkarlanean aritzeko".
Urduñako Udalaren laguntza
Urduñako Udaleko ordezkariak ere izan egon ziren atzo Zaraobe Institutuan txakurren etxolak jasotzen. Animalien babeslekua abiatu zutenetik, hainbat azpiegitura eta laguntza eskaini izan du erakundeak, eta oso eskertuta azaldu dira babeslekuko kideak. Elkarlanean ari dira zerbitzua eskaintzen, lan boluntarioa oinarri.