Larsabi abeltzain elkarteko kideak egon dira gaur goizean Tubacexeko piketean, greba mugagabearen 70. egunean. Euskal Herriko 41 abeltzainek osatzen dute elkartea, eta amaren esneaz elikatutako arkume haragia ekoizten dute.
"Sektore ezberdina da Tubacexekoa, baina berdin zaigu, ezinbestekoa da elkartasuna eta babesa adieraztea", azaldu dute elkarteko kideek Laudioko fabrikako atarian.
Hain zuzen ere, arkume haragiz osatutako zenbait saski eman dizkiete Tubacexeko langileei. Langileek zozketa antolatu, eta gaur egin dute zenbaki sarituen banaketa, Laudioko fabrikako sarreran. Enpresa batzordeak antolatu du zozketa, bertan bildutako dirua orain arteko mobilizazio eta ekimenek eragindako gastuari aurre egitera bideratu dute.