Gorobelen bi parke eoliko egiteko proiektua aurkeztu du Gaztela eta Leongo Gobernuak

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko api. 23a, 10:40

Mendiko Lagunak taldeak zenbait montaje egin ditu, parke eolikoek Gorobelen eragingo duten kaltea irudikatzeko. / Mendiko Lagunak

Autonomia erkidegoko aldizkari ofizialean argitaratu dute bi parkeen balizko kokapena. Proiektuak Gorobel mendilerroko gaina hartuko du. Aiaraldeko zenbait elkarte aurka agertu dira.

Gaztela eta Leongo Gobernuak Gorobel mendilerroan bi parke eoliko egiteko proiektua aurkeztu du aste honetan autonomia erkidegoko aldizkari ofizialean. Aerosorgailuak jartzeko interesa duten enpresek hilabeteko epea dute orain proiektuak aurkezteko.

'Pico del Fraile' eta 'Llorengoz' dira Gaztela eta Leonek Gorobelen aurreikusi dituen parke eolikoen izenak. Lehenengoak, 'Pico del Fraile'-k, 10 aerosorgailu izango lituzke Angulo mendatetik hasita, Carbonilla mendilerroan barrena, Artziniega gainean, hain zuzen.

Llorengoz parke eolikoan, Gaztela eta Leon eta Arabaren arteko muga jarraituz, 11 aerosorgailu aurreikusi dira, Tologorri, Mojon Alto eta Kobata inguruan.

Kontrako iritziak

Apirilaren 20an aurkeztu zuen Gaztela eta Leongo gobernuak proiektuaren zirriborroa, eta dagoeneko agertu dira honen kontrako iritzi eta argudioak. Merindadeetako (Burgos) eskualdeko talde ekologistek salatu zuten proiektua lehenbizi: "Bioaniztasunari kalte larriak eragingo dizkio proiektuak eta, gainera, Merindadeetako herritarron bizkar hartutako erabakia da".

Gorobeleko basozain ugari ere aurka azaldu dira, parke eolikoak eraikiko diren inguruak hegaztien babeserako espazioak baitira, "sai arre, sai zuri eta belatz askoren habiak aurkitzen dira bertan".

Aiaraldean, Mendiko Lagunak taldeak salatu du proiektua. "Trantsizio ekologikoaren izenean, natura eta bere bioaniztasuna suntsitzen ditugu? Energia berriztagarriak bai, baina ez edozein preziotan. Mendiak ez daude salgai", adierazi dute sare sozialen bidez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide