Javier Castroviejo eta Alexander Perez Ingeniaritza Zibileko 2. mailako ikasleak dira Bilboko Ingeniaritza eskolan eta galdetegia prestatu dute C-3 tren lineako erabiltzaileen iritziak jaso eta zerbitzu egokiago bat planteatzeko.
Ikerketa Enpresen Ekonomia ikasgairako prestatu behar zuten proiektu bat izan dute egitasmoaren abiapuntu. "Betidanik izan gara tren-zaleak eta ezagutzen genituen Bilbo eta Aiaraldea arteko zerbitzuak azken hilabeteetan izandako gorabeherak", azaldu du Castriviejo basauriarrak. Horregatik erabaki zuten gaiari heltzea.
Bezeroen iritziak jasotzen dituen galdetegia prestatu dute, eta orain Internet bidez ari dira galdetegi hori zabaltzen, ahalik eta iritzi gehien jasotzeko helburuarekin. "Gure asmoa tren-zerbitzu eraginkor bat planteatzea da, bezeroen beharrizanetatik abiatuta".
Proposatzen duten zerbitzua aurretik existitzen ziren CIVIS trenen oso antzekoa da: "linearen geltoki nagusietan bakarrik egingo lukete geldialdia: Urduña, Amurrio, Laudio, Ugao, Arrigorriaga, Abaroa San Migel, Bidebieta Basauri eta Bilbao Abando". Xede nagusia bidaia-denbora "erakargarriagoak" eta zerbitzu hobe bat eskaintzea dira.
Galdetegia zabalik
Maiatzaren 2. astera arte egongo da galdetegia online betetzeko aukera. Ingeniaritza Eskolarako proiektu bat bada ere, etorkizunean aplikazio erreala izan dezakeela azaldu du Javier Castroviejok. Hain zuzen ere, 2021ko urrian eskuratuko ditu Eusko Jaurlaritzak aldirietako trenen eskumenak, "abagune interesgarria izan daiteke guk bildutako ondorioak praktikara eramateko". Twitter bidez zabaldu dute galdetegia betetzeko mezua.
Trenen maiztasunari dagozkien, bestelako ekarpenak ere jaso dituzte iritziez gain, hala nola Adifek eta Renfek zerbitzua euskaraz eskaintzeko beharra. Ekarpen horiek oso interesgarritzat jo ditu Castroviejok.