Greba mugagabearen 78. eguna dute gaurkoa Tubacexeko beharginek, eta aldarrikapenak Bilbora eraman dituzte. Manifestazioa egin dute EITBren eraikinetik abiatuta Gran Via kaleko Eusko Jaurlaritzaren bulegoetaraino. Bertan, agerraldia eskaini du Enpresa Batzordeak.
Mezu zuzena helarazi diote Eusko Jaurlaritzari eta Arantxa Tapia sailburuari: Aiaraldeko enplegua bermatzeko neurriak abiatzea. Bide beretik, dei egin diete ere Aiaraldeko alkateei eta Arabako Ahaldun Nagusiari, Tubacexek eskualdean diteun lantegien etorkizuna defenda dezaten.
"Ez dago kaleratu eta kaleratu gabeko langileen arteko desberdintasunik, talde bakarra gara gure etorkizunaren alde borrokan" adierazi dute enpresa batzordeko ordezkariek Eusko Jaurlaritzaren aurrean egindako agerraldian. Batasun irudia helarazi dute. "Tubacexen ez dago inor soberan!" esanez amaitu dute hitzartea Edu Ibernia eta Joseba Terreros ordezkariek.
Ertzaintzaren jokabidea
Ertzaintzak greba mugagabean izan duen "neurrigabeko" jokaera salatu du Enpresa Batzordeak. Hain zuzen ere, eztabaida piztu da manifestarien eta polizien artean, mobilizazioko une batean Brigada Mugikorreko agenteak Sabino Arana etorbidean furgoi polizialetik jaitsi direnean. Beharginek "probokaziotzat" jo dute Ertzaintzaren gehiegizko presentzia.