Bertan behera utzi du LABek Maiatzaren Leheneko mobilizazioa, Tubacexeko langileen manifestazioan “militantzia osoaren presentzia” bermatu eta “langile batasuna” sustatzeko

Txabi Alvarado Bañares 2021ko api. 30a, 22:00

Urtero antolatzen du LABek eskualdeko mobilizazioa Maiatzaren Lehenean. / Aiaraldea.eus

Kotxe karabana eta argazki erakusketa egingo ditu LABek goizean zehar. 

LAB sindikatuak bertan behera utzi du bihar -Maiatzak 1- eguerdian Maiatzaren Lehena ospatzeko egingo zuen mobilizazioa, arratsaldean Tubacexeko Enpresa Batzordeak burutuko duen mobilizaziora batzeko.  “Erabakia hartzea kostatu zaigun arren, Tubacexetik hasita Laudion egingo genuen manifestazioa bertan behera uztea erabaki dugu, indarrak batzeko eta Tubacexeko manifestazioan gure militantzia guztiaren presentzia bermatzeko”, azaldu dute sindikatuko kideek, “uste dugu orain inoiz baino garrantzitsuagoa dela langile-klasearen batasuna, eta zentzu horretan hartu dugu erabakia, eta Tubacexen zein Aiaraldean honetarako lanean jarraituko dugu”.

Izan ere, LABeko kideek uste dute egun berean bi manifestazio egiteak mobilizazio horien eragina txikitu dezakeela, COVID-19aren ondorioz sortutako egoera dela eta. Horregatik erabaki dute eguerdiko manifestazioa bertan behera uztea. 

Argazki erakusketa eta kotxe karabana

Hala ere, sindikatuak nabarmendu du goizerako aurreikusiak zituen beste bi ekintzak mantendu egin dituela. Kotxe karabana egingo dute Urduñatik Laudiora, 10:00etan abiatuta. Laudioko Alberto Acero plazan, aldiz, Tubacexeko grebari buruzko argazki erakusketa egongo da ikusgai goiz osoan zehar, Iñaki Montes argazkilari eta LABeko delegatuaren eskutik. “Antolatzeko eta borrokan jarraitzeko deia” luzatu du sindikatuak, “bai Tubacexen, bai Aiaraldean, bai Euskal Herri osoan”. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide