Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu aste honetan ITP eta PCB enpresetako kaleratzeak, baina erabakiak ez du inolako eraginik Zamudioko ITPko lantegian. Zergatik?
Iazko abuztuaren amaieran enpresak jakinarazi zuen Enplegua Erregulatzeko Espedientea egikarituko zuela. Orduan hasi ginen mobilizazioak deitzen eta irailaren erdialdean negoziazio mahaia osatu zen. Mahaia osatzerako orduan, Madrilgo bi lantegiak sartu zituzten ere eta horrela gure eragin boterea murriztu zuten. Izan ere, ELA gehiengoa da Zamudion, baina ez gara erdia. Ondorioz, bozkak galdu genituen mahaian.
Gure jarrera argia zen: ezezko borobila espedienteari. Hasieran CCOO eta UGT ez ziren batu deialdietara, zenbakiak ikusi nahi zituztela eta abar argudiatuta. Guk, aldiz, ez genuen espedienterik nahi, horrek esan nahi zuelako langileak kaleratuko zituztela. Zehazki, gure proposamena zen behin behineko espedientea egitea eta langile orori eragitea, baina inor bota gabe.
Dokumentazioa eman ziguten gero eta ez zegoen osorik. Gehiago eskatu behar izan genuen. Dena den, guretzat, ez zegoen espedientea abiatzeko arrazoirik eta gure ideia zen espedientea ez sinatzea eta horrela epaitegira jotzea, PCBn egin bezala.
Baina ez zen hori egiteko aukerarik egon azkenean, ezta?
Negoziazioak hilabete iraun zuen. CCOO eta UGT batu ziren elkarretaratzeetara, mobilizazioetara, pankartan jarri ziren... Dena oso polita. Baina negoziazio epea amaitzeko egun bakarra falta zenean, aurreakordioa lortu zuten.
Kaleratze kopurua 121era murriztu zuten, eta enplegua erregulatzeko behin behineko espedientea ere sinatu zuten, 45 egunekoa. 14 hilabetekoa da eta tailerrean soilik dago indarrean.
"CCOOk eta UGTk egun bakarra falta zenean lortu zuten akordioa enpresarekin, korrika eta presaka. Horrek atea itxi digu epaitegira jotzeko"
Espedientea sinatu zutenez, ezin izan duzue espedientea salatu. Uste duzue epaitegira joanez gero, irabazteko aukera zenutela, PCBn bezala?
ELAko zerbitzu juridikoek azaldu ziguten bazegoela aukera espedientearen arrazoiak baliogabetzeko. PCBren antzekoak dira, baina CCOOk eta UGTk espedientea sinatu zutenez, ate hori itxi ziguten.
Hori zen gure hasierako asmoa. Gure itxaropena zen epaileek atzera botatzea erabakia, edo nulu izendatzea. Kasurik okerrenean, bidegabeko kaleratzeak izatea, enpresak gehiago ordaintzeko.
Aste honetako epaia ikusita, etzipena sentitu dugu, uste baitugu gauza bera gerta zitekeela.
Zamudioko lantegian giroak okerrera egin du?
Bai. Esaterako, bulegoetan protesten jarraipena txikiagoa izan zen eta tailerrean askoz handiagoa. Ondorioz, giro txarra sortu da. Bestalde, aldez aurretik erretiratu direnak ez dira geratu egoera onean: pentsiorako asko galdu dute, esaterako. Baldintza ez hain traumatikoak lortzeko aukera zegoen. 58 urtetik gorako 42 lagun daude horrela.
Dena azken unean sinatu zuten, abiadura bizian eta gauzak ondo itxi gabe. Horrela gertatu dira 121 kaleratzeak. 71 behin behineko langileak ziren, baina nahiz eta kalte ordaina jaso, bidegabeko kaleratzea balitz bezala, ez da euren itzulera negoziatu. Duela zenbait urte hori lortu zen, behin behineko beharginak itzultzea ekoizpenak gora egitean. Antzinatasunaren araberako zerrenda adostu zen eta lana agertzen zen neurrian deitzen zitzaien. Orain, ordea, ez da ezer hitzartu eta ez dira itzuliko, edo enpresak nahi dituenak itzuliko dira soilik.
"Aldez aurretik erretiratu direnak, 42 lagun, ez dira egoera onean geratu"
Ez zaudete oso pozik, antza.
Ez, gainera COVID-19aren harira egindako lehen espedienteen artean egon zen gurea, eta orain esperientzia gehiago dago. Begira ezazu, adibidez, Tubacex. Hor, gutxienez, sindikatu guztiek batera egin dute aurrera. PCBn nekez lortu zen batasuna, baina egin zen.