Ertzaintzak Aiaraldeko 5 lagun salatu zituen atzo Gasteizen, Ernairen manifestazioan parte hartzeagatik

Aitor Aspuru Saez 2021eko maiatzaren 8a

Aiaraldeko 5 lagun identifikatu eta salatu zituen atzo Ertzaintzak Gasteizen. / Maddi Isasi Azkarraga

Zigor proposamenak poliziaren jarduera grabatzeagatik izan ziren, gehienbat.

Aiaraldeko 5 herritar identifikatu eta salatu zituen atzo Ertzaintzak Gasteizen, istiluekin amaitu zen Ernairen manifestazioan. Zigor proposamenak, batik bat, poliziaren jarduera grabatzeagatik izan ziren. Hala ere, bi isun manifestazioan parte hartzeko eremu gorritik ateratzeagatik jarri zituzten.

Horietako lagun bat kolpatu zuen Ertzaintzak. Hain zuzen, herritar horrek grabazioa sareratu zuen. Ertzain horrek zigorrarekin nola mehatxatzen dion ikusi eta entzuten da bideoan:

 

Berez, salaketa jarri zuen poliziak bi ikur zeramatzan eskumuturrean: Jusapol erakunde ultraeskuindar-polizialarena eta "Blue Lives Matter" deritzona (Estatu Batuetako poliziak sortutako leloa herritar beltzen erailketen salaketa mobilizazioen harira).

Isun proposamena jaso zuen eskualdeko beste gazte batek biralak bilakatu diren beste irudi batzuk grabatzeagatik.

Salatutako bi lagun Tubacexeko grebalariak dira, Gasteizera joan zirenak protestarekin bat egitera.

Atzo Ernai erakundeak manifestazioak deitu zituen Euskal Herrian, gazteen etorkizun prekarioa salatzeko. Istiluak egon ziren Gasteizen eta Bilbon. Guztira, 8 herritar atxilotu zituen Ertzaintzak, eta bi gazte ospitaletik igaro ziren, jasotako zaurien ondorioz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide