Tubacexeko lan gatazkan zaude murgilduta buru-belarri, zein da zure papera?
Gure helburu nagusia langileei aholkularitza eskaintzea da, baita alor ekonomikoan zein judizialean laguntzea ere. Horrelako gatazkek epaitegietan bukatzen dute normalean, eta guk prozesu juridikoa prestatzen laguntzen dugu.
Epaitegira eraman dituzue Tubacexeko kaleratzeak, nondik helduko diozue gaiari?
Zuzendaritzak egindako planteamenduak hiru alor barnebiltzen ditu: alde batetik ekonomikoa, bestetik produktibitatearena eta, azkenik, antolakuntzarena. Guk enpresak planteatutako guzti horri egin behar diogu aurre, alorrez alor aurkeztutako dokumentazio eta argudioak desmuntatuz.
Aspektu ekonomikoari dagokionean, Tubacexek urteak daramatza talde bat izaten, hau da, bere garaian Tubacex enpresa bakar bat bezala sortu zen, eta apurka apurka joan da desegiten: TTI sortu zen, Aceralava gero... Horiek ere desegiten joan dira eta hainbat eta hainbat enpresa sortu dira taldearen barruan.
Planteamendu hau oso ohikoa da multinazionaletan, horrekin bilatzen dutena da dirua nahi duten tokietan uztea. Enpresa nagusi deritzon batean uzten dituzte irabazi gehienak eta taldeko beste enpresek ematen duten itxura da ia-ia ez dutela dirurik irabazten.
“Dirua aurreztu eta geroz eta gehiago esternalizatzea da Tubacexen helburu nagusia”
Tubacexen kasuan, TTI-k urtero 5 miloi euro ordaintzen dizkio taldeari Tubacex izena eramateagatik soilik. Horrez gain, dirutza bat ordaintzen dute ere, 3 milioi euro inguru, enpresen alokairuagatik. Kontuan hartu behar da enpresa hau sortu zen unean enpresa bakarra zela, eta, beraz, dagoeneko ordainduta zegoen zerbaitengatik ordaintzen ari direla. Hau guztia etekinak lortzeko egiten dute. Hori oso argi ikusten da 2019 eta 2020an egindako dibidenduen banaketan. 2020an esaterako, 7 milioi euro banatu zituzten, noiz eta pandemia urtean. Honek agerian uzten du, enpresak aurkeztutako galerak ez direla galera errealak, talde guztia enpresa bakar bat bezala ulertu behar dugulako. Ez diote inoiz irabaziak izateari utzi.
Produktibitatearen alorra ere jorratuko duzue.
Bai, produktibitateari dagokionean Tubacexek azaldu du ohikoan baino behar gutxiago duela. Inork ez du ukatzen pandemia dela eta enpresen produktibitatea jaitsi denik, baina egoera kontu koiunturala da. Egoera sanitarioak hobera egiten duen neurrian ekonomia ere berreskuratu egingo da, dagoeneko hori ari gara ikusten.
Enpresak petroleoaren krisia hartu du aitzakiatzat. Aurkeztutako dokumentazioan azaltzen dute Brent petrolioa upela ez zela 50 euro baino garestiago egongo. Dagoeneko, ordea, 60 euroak gainditu ditu, eta zenbait analistaren arabera 100 euroko baliora ere iritsiko da aurki.Hor akats zuzenak iksuten ditugu Tubacexek egindako balorazioetan, 2 hilabeteko epean huts egin dute zuzendaritzaren aurreikuspenek, eta orain kontra datorkie egindako balorazio txar hori, petrolioaren munduan inbertsioek aurrea egingo baitute.
Nola jokatu du enpresak negoziaketan?
Negoziaketan zehar enpresak fede txarrez jokatu egin duela ikusi dugu. Legediaren arabera negoziaketa faseko 30 egunetan zehar proposamenak mahaigaineratzera behartuta daude bi aldeak. Enpresak ez ditu benetako proposamenak aurkeztu, denboran oso mugatutako postulatuak aurkeztu dizkigu, helburu bakarrarekin: langileen greba desegitea. Adibide bat jartzearren, martxoaren 2ra arte luzatzen zen eskaintza bat aurkeztu ziguten, negoziaketa prozedura guztia martxoaren 10ean bukatzen zenean.
Guk hori guztia auzitara eramango dugu, demostratzeko enpresak fede txarrez jokatu egin duela. Hori frogatutzat joz gero epaileak bertan behera utzi beharko lituzke Tubacexek aurkeztutako neurriak.
“Langileen borrokari esker lortuko dugu kaleratzeak bertan behera uztea”
Zein da zuen diagnosia enpresak esandakoaren eta benetan nahi duenaren artean?
Guk oso argi ikusten dugu enpresak nahi duena: lan-hitzarmenean aldaketak egitea. Ekainean lan-hitzarmena aldatzearen beharra mahaigaineratu zuen Tubacexek: langileen soldatak jaitsi edo 150 langile kaleratu beharko zituela.
Enpresak badaki epe konkretu batean bere lan kargak behera egingo duela pandemia egoera dela eta. Gure susmoa da Tubacexek dirua aurreztu nahi duela etorkizunean fabriketara sartuko den lana azpi-kontraten edota behin-behineko langileen bitartez gauzatzeko. Hau da, langileen lan-baldintzak okertu nahi ditu irabazi gehiago izateko. Enpresak berak onartu egin du hau negoziaketa prozesuan jarri genizkien baldintza desberdinei erantzun izan dienean, geroz eta gehiago esternalizatzea da euren helburua.
Guk enplegua finkatzea ezinbestekoa dela defendatu dugu behin eta berriro; zuzendaritzak, ordea, eta hau aktetan jasota dago, ez du kaleratze gehiago egitea baztertzen.
Gero eta langile gutxiago nahi dituzte Tubacexeko hitzarmenaren pean, eta gehiago Estatuko hitzarmenaren pean.
Posiblea da kaleratze hauek epaitegian geldiaraztea?
Aukera asko ditugula ikusten dugu guk, bai enpresak aurkezutakoagatik, baita negoziaketen nondik norakoagatik ere. Baina nik beste faktore bat gehituko nuke: langileen borroka. Langileak eta herriak, oro har, egiten ari diren borrokak ekarri gaitu gaur egun dugun indar posiziora: ia 90 egunez luzatzen ari den greba mugagabea, langileak batuta, inor ez enpresara sartzen... Horrek aukera gehiago ematen dizkigu enpresaren erabakia bertan behera gera dadin