Amurrioko epaitegian deklaratu dute otsailean Ertzaintzak atxilotutako Tubacexeko 3 grebalariek. Ehundik gora lankide eta herritar batu dira epaitegiaren sarreran, hiru akusatuei babesa eta elkartasuna adierazteko.
Ondoren, Gasteizera joan dira grebalari guztiak, Legebiltzarraren aurrean protesta egitera. Enpresa Batzordeko kideak sartu dira eraikin horretan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariei euren aldarrikapenak helarazteko.
Zuzendaritzarekin bilera
Zuzendaritzarekin ere bildu dira gaur langileen ordezkariak. Salatu dutenez, enpresako buruek ez dute inolako autokritikarik egin. Gauzak hala, kaleratzeak eragingo dituen proposamenik onartuko ez dutela ziurtatu dute sindikatu guztiek, eta borrokan jarraitzeko deia luzatu diete beharginei, "piketeak are gehiago indartuta".