Gaztela eta Leongo Gobernuak Gorobel mendilerroan bi parke eoliko egiteko proiektua aurkeztu zuen iragan apirilaren 20an autonomia erkidegoko aldizkari ofizialean. Bi proiektuak “enpresentzako lehian” daude orain, hau da, aerosorgailuak jartzeko interesa duten enpresek hilabeteko epea dute proiektuak aurkezteko. Behin proiektua aurkeztuta Gaztela eta Leongo administrazioaren esku dago ebazpena.
Mugaren bestaldean gertatzen denak, ordea, eragin zuzena dauka Aiaraldeko natur ingurunean. Pico del Fraile eta Llorengoz dira Gaztela eta Leonek Gorobelen aurreikusi dituen parke eolikoen izenak. Lehenengoak, Pico del Fraile-k, 10 aerosorgailu izango lituzke Angulo mendatetik hasita Carbonilla mendilerroan barrena, Artziniega gainean, hain zuzen.
Llorengoz parke eolikoan, Gaztela eta Leon eta Arabaren arteko muga jarraituz, 11 aerosorgailu aurreikusi dira, Tologorri, Mojon Alto eta Kobata inguruan.
Gaztela eta Leon eskudun
Gorobel mendilerroan 21 aerosorgailu jartzea aurreikusten du Gaztela eta Leongo gobernuak, babestutako natura
eremuetatik metro gutxira
Burgoseko Merindadeetako Mahai Eolikoak piztu du alerta. Burgoseko iparraldeko naturaguneen defentsa egitea eta parke eolikoen kalteez ohartaraztea dute helburu. 2000. urtean sortu zen, eta Espainiako Senatura gonbidatu zuten lehenengo herritar taldea izan zen, 2002. urtean. Aiaraldea Hedabidea bertako kideekin jarri da harremanetan Gorobelen eraiki nahi dituzten parke eolikoen nondik norakoak ezagutzeko. Kezka adierazi dute elkarteko kideek Gaztela eta Leongo gobernuaren eskuetan baitago bi proiektuen etorkizuna: “Gaztela eta Leongo administrazioa koladero bat da horrelako proiektu txikitzaileei bide emateko, gure eskualdean dagoeneko ugariak dira adibideak”. Izan ere, 50 megawatt baino potentzia handiagoko aerosorgailuak dituzten parke eolikoak Industria eta Energia Ministerioaren menpe daude. Aldiz, Gorobelen eraiki nahi dituzten parkeek potentzia baxuagoko aerosorgailuak izango dituzte, eta, ondorioz hain zorrotzak ez diren administrazio organoetatik igaro behar dira.
“Ingurumen-inpaktuaren txosten faltsuak eta informazio falta” horrelako proiektuen eguneroko ogia direla azaldu dute Merindadeetako Mahai Eolikotik: “Gardentasun falta handia dago, udalek eta tokiko erakundeek ere ez dute informazio nahikorik normalean. Enpresarien neurrira egindako araudia da, natur ingurunea suntsituz etekin ekonomikoa beste helbururik ez duena”.
Parke eolikoak herritarren bizkar eta inolako parte hartze prozesurik gabe egitea salatu dute Merindadeetako bizilagunek. Adierazi dutenez, erakunde publikoek ez dute Aarhuseko Hitzarmenean (1998) adostutakoa betetzen, zeinaren arabera herritarrek ingurumenaren inguruko erabakietan parte hartzeko eskubidea duten
Ingurumen-inpaktua
Ia 100 metroko altuera duten aerosorgailuak dira Gorobeleko parke eolikoetan jarri nahi dituztenak. Kalte paisajistikotik haratago, bestelako kalteak ere sortuko dituzte parke eolikoek eta hauek eraikitzeko lanek, aerosorgailuak garraiatzeko pista erraldoiak, goi tentsioko lineak... “Parke eolikoen simulazio argazkiak ikusten ditugunean ez ditugu errepideak ikusten, eraiki beharreko harrobiak ikusten, ezta Gorobeletik barrena ibili beharko den pisu handiko trafikoa ere ez” iradoki dute Mahai Eolikoko kideek, “txikizioa hain da basatia, non ezin baitugu imajinatu betiko galduko dugun guztia”.
Biodibertsitatea jokoan
Merindadeetatik kanpo, mugaren alde honetan ere hasi dira proiektuaren aurkako mezuak zabaltzen. Juan Manuel Perez de Ana biologoa da eta Bizkaiko Foru Aldundiko basozaina gisa egiten du lan. Oso ondo ezagutzen ditu Gorobel mendilerroko inguruak, urteak eman baititu bertako fauna ikertzen. Gogorarazi du Gorobel mendilerroa hegaztien babes berezirako eremu (BBE) izendatuta dagoela: “Sai arre, sai zuri eta belatz askoren habiak daude bertan”.
Aurkeztutako proiektuetan aerosorgailu bakar bat ere ez dago babestutako eremu natural baten barruan proiektatuta, bai ordea horrelako eremuetatik metro eskasera, “Enpresari eta politikariek pentsatuko dute muga zurrun bat dagoela, horma bat, babestutako eta babesgabeko eremuen artean, baina naturan ez dago horrelakorik. Parke eolikoak izugarrizko kalteak eragingo ditu bertako espezieengan”.
Babes juridikoa
Gorobeleko proiektuen aurkako alegazioak aurkeztuko dituzte aurki. Merindadeetako Mahai Eolikotik azaldu dutenez, hori da proiektu hauen aurka borrokatzeko duten bide gutxienetariko bat: “Erakunde publikoak izan beharko lirateke alegazio hauek aurkezten dituztenak baina gaiaz paso egiten dutenez, herritarrok atera behar ditugu aurrera”.
Lan handia da, proiektu bakoitzari banan-banan aurkeztu behar baitzaizkio alegazioak, eta normalean epeak oso mugatuak izaten dira, informazio falta dela eta, nagusiki. Horri guztiari prozesu juridikoaren kostu ekonomikoa gehitu behar zaio.
Hori dela eta eolikoen gaia lantzen duten zenbait elkartek crowdfunding kanpaina abiatu dute, Kantauri Mendikatearen defentsa juridikorako funtsa sortzea helburu.
Parke eolikoen gaia lantzen duten zenbait elkartek crowdfunding kanpaina abiatu dute, Kantauri Mendikatearen defentsa juridikorako funtsa sortzea helburu
Jesuri eta Ganekogorta
Ez da eskualdeko parke eoliko baten mehatxua jasotzen duen lehen aldia. 2010. urtean Jesuri eta Ganekogorta mendietan parke eolikoak eraikitzeko baimena eman zuen Eusko Jaurlaritzak.
Herritar talde batek “Jesuri eta Ganekogorta bizirik!” plataforma sortu zuten orduan eta hainbat ekimen egin zituzten, proiektuek eragingo zituzten kalteak salatzeko. Jesurikoa izan zen, hain zuzen, exekutatzetik gertuen egon zen proiektua. Guascor S.A. enpresak 8 aerosorgailu jarri nahi zituen energia elektrikoa sortzeko.
Aiaraldeko udalek ere aho batez arbuiatu zituzten proiektuak, eta hauen kontrako mozioak onartuak izan ziren udal-talde politiko guztien babesari esker. Gaur gaurkoz, geldirik daude proiektuak.