Aiaraldeko enplegua defendatzea eta etorkizunerako inbertsioak bideratzea eskatu du LABek

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mai. 14a, 17:22
LABen mobilizazio bat, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Sindikatuak nabarmendu du ezin zaizkiela enpresei diru laguntzak eman “trukean ezer eskatu gabe”.

Eusko Legebiltzarrean lantzen ari den Aiaraldeko suspertze sozioekonomikoaren inguruko ponentzian parte hartu du LABek, eta oharra plazaratu du horren ostean, hainbat aldarri mahai gainean jartzeko. 

Sindikatuak “argi” utzi nahi izan du enplegu suntsiketa gelditzeko “premiazko ekintzak” eta “eskualdearen etorkizuna bermatzeko neurriak” behar direla. LABeko kideek uste dute instituzioek Aiaraldearekiko duten zorra “kitatu” behar dutela, eskualdea urte luzez alde batera utzi dutela argudiatuta. 

Gauzak hala, zonaldearen etorkizunean inbertitu behar dela nabarmendu dute, azken urteetan pairatutako desindustrializazioa geldiarazteko eta beste sektore batzuk ere bultzatzeko: “sektore publikoa, zaintza, lehen sektorea, merkataritza eta ostalaritza...”. 

Eskualdean dauden hainbat errealitate eraman ditu LABek ponentziaren bilerara: Enpresek eta langileek bizi duten egoera, enpresa txiki eta ertainak eta autonomoek bizi duten errealitatea edota gazteena, besteak beste. Horren aurrean, erakundeen “konpromisoa eta inplikazioa” beharrezkoak direla nabarmendu du sindikatuak. “Onartezina da ezer ez egitea edo zikoizkeriagatik bakarrik mugitzen diren enpresa-zuzendaritzek enplegua suntsitzeko hartutako neurriak babestea. Aiaraldean ezin da enplegu gehiago suntsitu, berehalako konpromisoak eskatzen ditugu Aiaraldearentzat enplegu duina eta kalitatezkoa lortzeko”.

Inbertsioak azpiegitura eta zerbitzu publikoetan 

Horrez gain, beste gauza bat ere eskatu dute LABeko kideek: “oinarrizko azpiegitura eta zerbitzu publikoetan inbertsioak egitea”. Osasunean, zaintzan, garraio publikoan eta saneamenduan jarri dute arreta. “Murriztuta dauden zerbitzuak hobetu behar dira, eta zerbitzu desberdinak zabaldu, kalitatezko zerbitzu publikoak lortzeko”.

Hala ere, ohartarazi dute enpresei ezin zaizkiela diru-laguntzak eman trukean ezer eskatu gabe: “Enpresek laguntza publikoak edo zerga-salbuespenak jasotzen badituzte, kontrapartidak izan behar dituzte, hala nola enplegua mantentzea”.

Aiaraldea “alerta gorrian” dagoela nabarmendu du sindikatuak, eta beharrezkotzat jo du “eskualdearen etorkizunaren alde eta bertan enplegu eta bizimodu duina izatearen alde jardutea”. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide