Lehiaketa ofizialak itzuli dira atletismora eta 10 domina eskuratu dituzte kirolari aiaraldearrek

Aitor Aspuru Saez 2021ko mai. 18a, 17:30

11 podium eskuratu dituzte aiaraldearrek. / Laudio Atletismo Kluba

Arabako zein Euskadiko Txapelketetan aritu dira eskualdeko lasterkariak eta 10 igo ziren podiumetara.

Atletismoko lehiaketak itzuli dira EAEra eta Aiaraldeko kirolariek emaitza oso positiboak eskuratu dituzte azken asteetan. Momentuz, pistetan gauzatzen diren probei soilik eragiten die baimenak. Hortaz, norgehiagoka herrikoiak edo jendetsuak ezin dira antolatu oraindik.

Hala ere, Arabako eta Euskadiko Txapelketak egin dituzte maiatzean eta nabarmentzekoak izan dira Laudio Atletismo Klubeko eta Oinkariak taldeko kideen emaitzak.

Naia Laso Gonzalez 3. izan zen Euskadiko Txapelketan 20 urte azpiko kategorian, maiatzaren 8an. 1.500 metroko proban lehiatu zen.

Maiatzaren 15ean Arabako Txapelketa jokatu zen Gasteizen eta 10.000 metroko proban aiaraldearrek hartu zuten podiuma: Koldo Ayesta izan zen lehena, Jon Ander Crespo bigarrena eta Jon Llano hirugarrena. Laugarren postua David Castrorena izan zen, bosgarrena Alberto Vacelarena eta bederatzigarrena Kepa Urkijorena. Pablo Masek eta Mikel Aingeru Letonak ezin izan zuten lasterketa amaitu. Arabako Txapelketan ere Arrate Talledo bigarren sailkatu zen 300 metrotan eta Onintze Rodriguez bosgarren geratu zen. Alturako saltoan Aiara Larrazabal bigarren izan zen, 1,20 metroko jauzia eginda.

Maiatzaren 16an Euskadiko Txapelketen txanda heldu zen. 5.000 metrotan Tomas Laso izan zen txapeldun, Master 50 kategorian. Josu Apraizek hirugarren postua lortu zuen Master 40 kategorian. Galder Hernandez seigarren izan zen proba berean. Apraizek urteko markarik okerrena egin zuen aurtengo denboraldiari dagokionez; baina, lasterketa oso gaizki hasi zuela kontuan hartuta, pozik dagoela adierazi du. 1.500 metroko esparruan Iñaki Galindez izan zen hirugarren Master 40 kategorian eta emaitza bera erdietsi zuen Edu Frutosek Master 50ean.

COVID-19aren kontrako protokoloak jarraitu dituzte lasterketa guztietan. Horrek esan nahi du ez dela publikorik egon, tenperatura hartu zaiela kirolari zein epaileei, aldagelak ez dira erabili eta maskara derrigorrezkoa izan dela proba hasi arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide