Labetik atera berri da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 143. alea. Orotariko gaiak lantzen ditu agerkariaren azken zenbakiak; hala nola, zahar egoitzetako langileen prekarietatea, La Encina egoitzako kaleratzeak abiapuntutzat hartuta.
Bor-bor Feminismo Faktoriak abian jarritako ikerketaren emaitzak ere plazaratu dira zenbaki berri honetan. Ikerketak hurrengo galderari erantzutea zuen helburu: Nola eragin du pandemiak Aiaraldeko emakumeengan*?
Aiaraldeko tortura kasuen inguruko informazioa eta testigantzak bildu ditugu beste erreportaje batean. Izan ere, Eusko Jaurlaritza tortura kasuen errolda ari da osatzen. Abenduaren 31an amaituko da bertan izena emateko epea, eta oraindik kasu asko daude azaleratzeke, Torturaren Aurkako Taldearen iritziz.
Elkarrizketak
Eskualdeko hainbat bizilagunei eginiko elkarrizketak ere jasotzen ditu hamabostekariak. Maria Garcia Riobo, Jasone Pikatza Iturritza eta Endika Guerrerorekin izandako solasaldiak topatuko ditu irakurleak.
Banaketa puntuak
Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, ikastetxe eta kaleetan. Honako banaketa puntu hauetan topatu daiteke, besteak beste:
- Aldai plaza (Laudio)
- Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko egoitza (Nerbioi kalea 12, Laudio)
- Abasto plaza (Laudio)
- Luiaondoko supermerkatua
- Laudioko kiroldegia
- Artziniegako frontoia
- Atxetako Dia
- Amurrioko Eroskia
- Orozkoko frontoia
- Urduñako supermerkatuak
- Faktoria (Laudio)