ANALISIA

Tubacexen eskutitza langileei; hitz goxoekin idatzitako grebaren kontrako torpedoa

Aitor Aspuru Saez 2021ko mai. 19a, 09:34

Pentsiodunen mobilizazioa Tubacexeko Laudioko lantegiaren aurrean. / Aiaraldea.eus

Atzo zabaldu zen Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari delegatuak enpresako langileei bidalitako eskutitza. Hasierako hitzak konkordia iradokitzen badute ere, zuzendaritzaren ordagoa da eskutitza. Esmorisek eskatzen die greba uztea, kaleratzeak onartuta, eta lan baldintzak okertzea hurrengo urteetan.

Pasa den astean bilera egin zuten Tubacexeko ordezkari sindikalek eta zuzendaritzak eta emaitzak ez ziren emankorrak izan. Grebalariek piketeei eusteko konpromisoa berretsi zuten eta handik eta egun gutxira etorri da enpresaren erantzuna.

Atzo hainbat hedabidek zabaldu zuten Jesus Esmoris kontseilari delegatuak berak langileei bideratutako eskutitza eta mezua hitz lasaigarriekin hasten bada ere, ez da zaila sumatzea grebaren kontrako torpedoa jaurtitzen saiatu direla enpresatik.

Hitz goxoen atzean, mehatxua

Esan bezala, Esmorisen testua ahalik eta modurik baketsuenean hasten da, baina Tubacexek mantendu duen diskurtsotik koma bakarra aldatu gabe. Hau da, kaleratzeak merkatuaren aldaketa estrukturalaren ondorioa direla eta hori ez dela inoren errua, ez zuzendaritzarena, ez langile kaleratuena.

Hori esan ostean, kontseilariak argi eta garbi esaten du eurentzat egun dagoen arazo bakarra greba dela. Horrekin bukatu beharra dagoela nabarmentzen du eta horretarako maiatzaren 31n agortuko den proposamena iradokitzen du.

Zuzendaritzaren proposamena, nola ez, ohiko portaerara itzultzen da. Eskaintza itxia da, ezin dena ukitu, eta langileek maiatzaren 31ra arte baino ez dute izango baiezkoa emateko.

Proposamena: kaleratzeak onartu, lanera itzuli, gutxiago kobratu

Gauzak horrela, Tubacexek mahai gainean jarri duenak hiru ildo ditu:

  • Kaleratzeak mantendu. Gehienez, lanposturik gabe geratu direnentzat 5.000 euro aurreratzea planteatzen du enpresak. Hori ez litzateke inolako oparirik izango, epaiketa bukatu ostean, baliatuko baititu enpresak kalte-ordainari aurre egiteko. Alegia, epaiak diru kopuru handiagoa ezartzen badio Tubacexi langile bakoitzeko, osatu beharko du 5.000 euro horietatik gora. Gainera, kaleratuen itzulerari dagokionez, Esmorisek "borondatea" aipatzen du bakarrik. Hau da, ez du inolako bermerik ematen. Zentzu horretan, "konpromisoa" litzateke barne promozio bidez betetzen ez diren kontratazioen erdia kaleratuei eskaintzea. Aintzat hartzen bada Tubacexek aipatzen duela sekulako krisialdia egongo dela, ez dirudi horrelako kontrataziorik egongo denik. Ahaztu ezin den beste alde bat da, itzulera horietan, enpresak berak hautatuko lituzkeela beharginak eta euren lan baldintzak banaka negoziatuko liratekeela, hau da, lan hitzarmenetik kanpo. Gainera, kaleratzeen eta grebaren inguruan Esmorisek iradokitzen du epaiketa amaitu arte -alde biek helegitea jarriko baitiote lehen epaiari- hainbat hilabete igaro daitezkeela (2022ko hasiera) eta hori ez dela bideragarria enpresarentzat. Hortaz, lanuztea amaitzea da lehen exijentzia.
  • Soldatak murriztea: 2021ean agortuko da indarrean dagoen lan hitzarmena eta Tubacexeko zuzendaritzak nahi duena bistakoa da: Kaleratzeak aprobetxatu lan baldintzak okertzeko. Modu orokorrean, soldata igoerarik ez dela egingo ziurtatzen dute eta zehaztasun gabeko adierazpenak egiten dira, oinarrizko soldatak eta landaldiak aipatuta, argitu gabe horrek zer esan nahi duen.
  • Enplegua bermatzea? Tubacex taldeak dio egungo langile kopurua ez dela murriztuko, baina aintzat hartu beharra dago hori esaten duela 329 langile kalean utzi ostean: 200 behin-behinekoak eta 129 finkoak. Hortaz, ez dirudi ahalegin handia denik.

Eskutitza, greba apurtzeko saiakera

Esmorisen testu osoan hobekuntza bakarra agertzen da: negozio bolumenaren %1 inbertsioetara bideratzea. Alegia, sindikatuek eskatutako puntua. Beste hitz batzuetan, kontseilariak sinatutako testu osoan irakurri daitekeena langileen kalterako da, hori kenduta.
 
Ondorioz, zergatik egingo luke enpresak publiko eskutitza? Dudarik gabe, zuzendaritzak nahi izan du hedabideek azpimarratzea lanpostuak bermatuko direla eta inbertsioak egingo direla, beste guztia alde batera utzita. Eta hala izan da kasu askotan.
 
Komunikazio estrategia horrekin, Tubacexek eztabaida sustatu nahi du grebalarien artean, ikusteko batasun sindikalak irauten duen, herri babesa luzatzen den eta, bide batez, grebarekin amaituta, lan hitzarmen berria -bere mesederako- ezar dezakeen.
 
Egitasmo hori aste honetan egin du, zeinean langileek 100 egun beteko dituzten greba mugagabean, eta ez dirudi kasualitatea. Momentuz, sindikatuek ez diote erantzun, baina bihar elkartuko dira gaia lantzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide