ERREPORTAJEA

Bizitza duinen zaintzaile prekarioak

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mai. 21a, 07:50

Laudioko egoitzako zaintzaile eta egoiliar bat manifestazio bat txaloka. / Iñaki Montes

Prekarietatearen aurka borrokatzeagatik bi langile kaleratu dituzte La Encina egoitzatik.  Baina prekarietateaz hitz egiteko orduan, nola islatzen da horihorrek zahar egoitzen barruan?

COVID-19 birusaren aurkako borroka eremu nagusietako bat izan dira zahar egoitzak. Gaixotasunak gogor kolpatu zuen bertan pandemia egoeraren hastapenetan. Bertako langileek egundoko ahalegina egin dute azken urtean egoiliarren osasuna eta ongizatea bermatzeko helburuarekin.

Esfortzu berdina egin dute Artziniegako La Encina egoitzako langileek ere. Ez dute koronabirus kasu bakar bat ere atzeman baina ziurgabetasun eta beldurrari aurre egin behar izan diete era berean. Aiaraldea hedabidea bertako langileekin elkartu da erresidentzietako ateaz bestaldean gertatzen denaz hitz egiteko.

Langileak ez ezik, egoitzetako erabiltzaileak ere lan baldintza prekario hauen biktima zuzenak dira

Langile falta

Arazo orokortua da, bereziki egoitza pribatuetan: ratioak gaizki ezarriak daude. Horrela adierazi dute La Encinako langileek: “4-5 langileko lan taldeek ezin dute 50 egoiliarrentzako arreta bermatu. Ez dago araudi zehatzik ratioak ezartzeko orduan eta enpresek malgutasun handiarekin jokatzen dute. Batzuetan sukaldariak edo beste zerbitzuetako langileak hartzen dira kontuan, baina hori ez da erreala”.

Egoiliarrak dira egoera horretan kaltetuenak, haien erritmoa ez baitator bat  langileek derrigorrean izan behar duten lan-erritmoarekin: “Egunero denbora bat eskaini behar zaio nagusien higiene pertsonalari, hauek janzteari, behar dutenei janariarekin laguntzeari... Oso azkar egiten dugu dena eta aiton-amonek ez dute merezi duten arreta jasotzen,  langileok ez dugu beraiekin erlazionatzeko tarterik”.

Arreta duina

Hain zuzen ere alderdi psikozoziala oso alboratua dagoela nabarmendu dute egoitzako langileek, eta lan-baldintza prekarioak dira horren erantzule nagusia. “Ez dago egoiliarrekin hitz egiteko tarterik, beraiekin paseatzeko tarterik... Pertsona edadetuek behar handia dute euren beldur eta sentimenduak adierazteko. Zentzu horretan zaintzaileekin lotura estua dute, eta are gehiago pandemia garaian, gu baikara senideekin duten zubi bakarra. Arreta duina merezi dute”.

Lan-zamak, lan-erritmoak, langile kopuruak... Guztiak dauka eragin zuzena zaintzaren des-humanizazioan: “Askotan muntaketa-kate batean banengo bezala sentitzen nintzen: garbitu, jantzi, altxatu, garbitu, jantzi, altxatu...” adierazi du La Encina egoitzako langile batek.
Langileak ez ezik, egoitzetako erabiltzaileak ere lan-baldintza prekario hauen biktima zuzenak dira.

Beharrezko titulazioa

Artziniegako zaintzaileek zahar-egoitzetan lan egiteko beharrezko kualifikazioaren garrantzia ere nabarmendu dute: “Formakuntza egokia ezinbestekoa da, esaterako, egoiliarren behar emozionalak artatu ahal izateko. Familiek senide bat instituzionalizatzen dutenean  etxean egoerarik onenean jasoko lituzkeen zaintza eta arreta bermatu nahi dizkiotelako da. Guk kalitatezko zerbitzu hori eman behar diegu, eta hori lan mekanikoetatik haratago doa. Alde handia dago 2-4 urteko ikasketen eta 70 orduko ikastaroen artean, jarraibide askoz gehiago ikasten dira lehenengo kasuan.”

Hainbat kasutan ere langileek euren kualifikazioari ez dagozkien lanak egiten dituzte, horretarako titulazio egokirik ez dutelako edota euren lanpostuari ez dagokion jarduna delako.

Besteak beste, egoitzetako arduradunen negozio gosean ikusten dute zaintzaile askok eta askok gabezia hauen funtsa: “Erresidentzien kudeaketaz arduratzen direnak ez dira zaintzaileak, negozio bat bezala heltzen diote gaiari. Gure lana, ordea, bizitzaren azken etapan dauden horiei bizitza duin bat eskaintzea da”.

Lan hitzarmena

Bada egoitzetako zaintzaileen lan baldintzak are gehiago kaltetzen dituenik ere: indarrean dagoen lan hitzarmena, esaterako.Araban eta Bizkaian ez bezala, Araban estatu mailako lan hitzarmena aplikatzen da zahar-egoitzetan. Ondorioz, Arabako egoitzetako langileek Gipuzkoa eta Bizkaiko langileek baino 200 ordu gehiago egin behar dute lan urtean. Lansaria, ordea, askoz baxuagoa da: 997 euro gordin hilean. Gainera , gaixotuz gero ez dute soldatarik jasotzen bajaren lehenengo lau egunetan; hortik aurrera, %60.

La Encinako lan-gatazka

Pandemiaren momenturik bortitzenean demaseko ahalegina egin ostean langileen  lan-egutegia aldatzea ebatzi zuen Artziniegako egoitzako zuzendaritzak irailean. Hartutako neurrien artean zeuden beharginei librantza egunak kentzea eta lankideen arteko txanda aldaketak debekatzea.

Horretaz  gain, hiru txandako erreleboetara  hasi ziren lanean. “Horrek aldaketa sakona ekarri zuen gure lan baldintzetan, eta guk jakin bagenekien beste eredu bat ezarri zezaketela, langile batzuk prest baitzeuden, esaterako, gaueko txanda finkoak egiteko. Zuzendaritzarekin egutegi berri bat adosteko ahaleginak egiten hasi ginen orduan”.

“Lan eskubideen alde borrokan ari ginenak jazarriz, zigor eredugarri bat ezarri nahi izan dute La Encina egoitzako arduradunek”

Egutegi horren gabezia nabarmenetako bat  zen txanden artean legez egon beharreko 36 orduak betetzen ez zirela. Bide horretan hauteskunde sindikalak egin zituzten abenduan, egoitzako arduradunekin elkartuko zen ordezkaritza bat osatzeko. Zuzendaritzaren erantzuna are egutegi zorrotzagoa ezartzea izan zen: lau egun lan eta bi egun jai. “Egutegi zurrunagoa eta askoz nekagarriagoa” Hori gutxi balitz, hiru hilabeteren buruan, apirilean, zuzendaritzak berriro berrikusi zuen egutegia eta sindikatuan antolatutako langileei ordutegi gogorragoa ezarri zien: “Gure aurkako jazarpena argia zen”.

La Encinako arduradunek langileen aurka abiatutako oldarraldiak goia jo zuen apirila bukaeran bi langile kaleratu zituenean. Fede txarraean jokatu izana eta jarrera desegokiak izatea argudiatu zuen hauek gauzatzeko: “Lan eskubideen alde borrokan ari ginenak jazarriz, zigor eredugarri bat ezarri nahi izan dute arduradunek. Eta guzti honen erdian, egoiliarrak dira kaltetuak beste behin ere. Izan ere jasan behar duten langileen errotazioa oso gogorra da haientzat”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide