ERREPORTAJEA

Torturaren arrasto mingarria azaleratzeko haritik tiraka, ia 100 kasu Aiaraldean

Aitor Aspuru Saez 2021ko mai. 25a, 08:03

Jose Angel Aramendi eta Jose Ramon Garaigorta “Gari” orozkoarrek torturak salatu zituzten. / Aiaraldea.eus

Otsailean Público hedabideak plazaratutako audioak erakutsi egin zuen Mikel Zabalzaren heriotza torturaren ondorio izan zela. 3 hilabeteren ostean, Espainiar Estatuak ez du ekinbiderik abiatu hori argitzeko. Eusko Jaurlaritzaren ikerketa eta aitorpen prozesuan, ordea, aurten jarri dute mugarria. Bertan, Aiaraldeko hainbat herritarrek salatu dute torturatuak izan zirela, baina, hala ere, oraindik ofiziala egiteko tramitea bete beharko dute.

Juan Alberto Perote CESID -Espainiako Inteligentzia Zerbitzua- erakundeko koronelaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa plazaratu zuen Público hedabideak otsailean. Audio horren bidez, militarrek onartzen zuten Mikel Zabalzaren heriotza 1985ean torturen ondoriozkoa izan zela. Guardia Zibilaren aburuz, “poltsa” teknikak eragin zuen atxilotuaren heriotza. Informazioak, aldiz, ez du inolako oihartzunik izan epaitegietan eta torturaren praktika, beste behin, zigorgabetasunaren itzalean geratu da. 

Euskal Autonomia Erkidegoan, bestalde, amaitzear dago tortura eta tratu txarren inguruan egindako lanaren fase bat, nolabait, eta torturatuek abenduaren 31ra arte izango dute tartea izena emateko Eusko Jaurlaritzan, euren kasua ofizialki aitortua izan dadin. Deialdian derrigorrez parte hartu beharko dute ere Jaurlaritzak osatutako txostenean aritutakoek. Hau da, nahiz eta euren bizipenak jasota egon jadanik, ez zaie automatikoki aitortuko torturatuen izaera. 

Eusko Jaurlaritzaren erroldan izena emateko epea abenduaren 31n agortuko da, baina Torturaren Aurkako taldeak uste du oraindik kasu ugari azaleratu behar direla

Hori lortzeko eta beharrezko prozedura betetzeko, bi aukera dituzte torturatuek. Edo zuzenean Eusko Jaurlaritzako webgunean (www.euskadi.eus) bilatzea “Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko prozedura ohikoa, 12/2016 legearen arabera” atala eta tramitazioa betetzea edo Egiari Zor elkartearekin harremanetan jartzea. 

Izan ere, Egiari Zorrek prestutasuna agertu du torturak jasan dituztenei laguntzeko tramiteak osatzen, eta bi aukera daude eurekin kontaktuan jartzeko: info@egiarizor.eus helbide elektronikoa edo 944 045 363 telefono zenbakia.

4.113 tortura kasu EAEn, ia 100 Aiaraldean

Aipatutako txosten eta ikerketa horrek, zehazki, Paco Etxebarria forentseak gidatuta eta 2017an plazaratuta, hainbat datu adierazgarri utzi zituen, eta gehienek isla dute Aiaraldean, non Torturaren Aurkako Taldearen ekarpenek 90 kasu baino gehiago identifikatu dituzten. Hala ere, Aiaraldeko torturaren aurkako ekintzaileek ohartarazi dute egungo datuak ez direla absolutuak, baizik eta erlatiboak: “Duela 3 urte 60 kasu inguru identifikatu genituen, orain ia 100 dira topatu ditugunak, eta badakigu gehiago egon direla. Horien arten 19 emakume daude. Tortura gehienak Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak egin zituzten, baina Ertzantzaren 12 kasu daude ere 1992tik aurrera. Laudion eta Amurrion topatu ditugu torturatu gehienak, baina badaude ere Orozkon, Aiaran, Arakaldon eta Urduñan”.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren ahalegina ontzat ematen dute, baina sakondu beharra dagoela iritzi dute: “tortura kasu guztiak azaleratu behar dira eta tratu txarrak sufritu zituztenak babestu. Abenduaren 31n ez da lana amaitzen. Eta ez da ahaztu behar Nafarroan gai hau landu gabe dutela erakundeek”.

Etxebarriaren ikerketak, edonola ere, 4.113 kasuren berri eman zuen, %17 emakumeenak eta %83 gizonezkoenak. Horietatik soilik 11k lortu zuten epaitegietan ibilbidea egitea eta polizien kontrako sententziak erdiestea.

Laudiokoa izan zen horietako bat; Bixente Malaxetxeberriarena, “Baskito”. 1986an torturatu zuen modu basatian Polizia Nazionalak: kolpeen ondorioz edema izan zuen barrabiletan, barrabil-zorroetan barizeak, bizkarrean erosioa eta bi tinpanoen hondoratzea. 1990ean Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen Antonio Jose Rodriguez Cerdeiros agentearen kontrako zigor erridikulua: 2 hilabeteko atxiloaldia eta 300.000 pezetako kalte-ordaina.

Halaber, Aiaraldean bertan salaketa gehiago geratu dira bidean. Txebe Alvaradoren kasua horietako bat da. 6 hilabete lehenago atxilotu ostean, berriro atzeman zuen Guardia Zibilak 1988an. Aurreko atxiloaldian aitorpenik ez ziotenez atera kolpeen bidez, erakunde militarreko agenteek elektrodoak erabiltzeari ekin zioten: “Bizkarra zentimetro erdiko erreduraz beteta utzi zidaten. Elektrodoek deskargak eragin zizkidaten tokietan, alegia. Markak hain bistakoak ziren ezen forentsea izutu egin baitzen. Argazkiak egin zizkidan eta horiek baliatuta, epaitegira jo nuen. Edonola ere, forentseak ez zidan aurpegiko argazkirik egin, bakarrik sorbaldarena. Hori erabili zuen epaileak zalantzan jartzeko ni torturatua izan nintzela eta nire salaketa bertan behera uzteko”.

143 adingabe

Txebe Alvaradoren bigarren atxiloketa adinez txikiko baten adierazpenen ondorio izan zen. Egun, bi seme-alaba ditu Aitor Latorrek, baina Guardia Zibila bere bila joan zenean 16 urte zituen. Eusko Jaurlaritzak jasotako 143 kasuetako bat da.

“Une horretan nire osaba eta izekorekin bizi nintzen, ama erbestean baitzegoen. Hasieran, Guardia Zibilak baimendu zien nirekin etortzea Laudioko kuarteleraino. Han jakinarazi zieten terrorismoaren kontrako legea ezarriko zidatela eta etxera itzuli behar zirela. Laudiotik Gasteizera eraman ninduten autoz eta kolpeak eman zizkidaten, baina nik -inuzentea nintzen- uste nuen adingabea izateagatik ez zidatela ezer egingo. Ordea, Sansomendiko kuartelera heldu nintzenean konturatu nintzen egoera oso serioa zela: hasi ziren barrabiletan kolpeak, sabelean... Hasi ziren galdera oso zehatzekin eta 'bainuontzia' egiteari ekin zioten. Burua sartzen zidaten uretan. Zorionez, 'bainuontzia”'egin zidaten hirugarren aldian, konortea galdu nuen. Tarte batez utzi ninduten bakean, baina gero kolpeak itzuli ziren eta Txeberen izena eman nuen. Berak ez zuen zerikusirik ezerrekin, baina iruditu zitzaidan Guardia Zibilaren kalkuluetan koherente zela Txebe salatzea. Tratu txarrak eta kolpeak etengabeak izan ziren. Ez zidaten utzi lo egiten, beti nengoen zutunik eta denetarik galdetzen zidaten, garai horretan Jarrai gazte antolakundean bainengoen. Oso gogorra izan zen, ume baten moduan negar egiten nuen”.

Gasteiztik Madrilera eraman zuen gero Guardia Zibilak, eta han, antza, galdeketa eredua aldatu zen: “Zaplaztekoren bat jaso nuen, baina, gehienbat tortura psikologikoa zen. Esan zidaten ama Iparralden atxilotu zutela eta bortxatuko zutela, adibidez”.

1978tik gero salaketak gora

Eusko Jaurlaritzaren txostenak datu bitxia erakusten du. Izan ere, salatutako tortura pasarteen kopuruak hurrengoak dira: 1960ko hamarkadan 322, 1970ekoan 891, 1980koa 1.381, 1990ekoan 879 eta 2000. urtetik 2014ra, 627. Hau da, diktaduran (1960/1978ra bitartean) agertu diren tortura kasuak kopuru osoaren %26.3 dira soilik. Horien artean daude Jose Angel Aramendi eta Jose Ramon Garaigorta “Gari” orozkoarren kasuak. 1969an izan ziren atxilotuak biak ETAren kontrako operazio batean.

Euren ustez, tortura oso praktika arrunta zen. “Gure sarekadan Joseba Atxa atxilotu zuten ere eta beltzituta heldu zen kartzelara. Eskerrak apaiza zela! Sarekada horretan gogoratzen dut Bittor Arana ere. Bera ere zauritu zuten eta ospitalera eraman zuten, Teo Uriartek identifikatu zezan. Uriartek ez zuen ezagutu, guztiz deformatuta zegoen kolpeen ondorioz. Egoera arrunta zen, bai frankismoan zein frankismoaren ostean”, oroitu du Aramendik. “Bai, Basauriko espetxean sartzen ziren guztiak edo gehienak ziren torturatuak. Basatiki. Beltzituta etortzen ziren” berretsi du Garik.

Biek pairatutako tratu txarrei dagokienez, Jose Angel Aramendik hurrengoak aipatu ditu: “Gehienbat kolpeak, garai horretako tortura mota baitzen: kolpeak, mehatxuak, irainak... Metodo ezberdinak erabiltzen zituzten, belarri atzetik hartu, sakatu eta eskegi, arkatz bat hatzen artean jarri eta kolpea eman... Ematen du ezetz, baina sekulako mina eragiten dute”.

Garik hainbat hilabetez izan zuen mina: “Ostikoak lurrera botatzeko, kolpeak aurpegian... Eskuburdinak estutu zizkidaten eta hainbat hilabetez galdu nuen sentsibilitatea eskuetan. Horren ordez, kalanbreak nituen hatzamarretan”.

Dena den, Frankismoan eta diktaduran baliatutako metodoak aldatzen joan ziren demokrazian. Adibidez, sexuari lotutako umiliazioek gora egin zuten 1990eko hamarkadaren erdialdetik XXI. mendera bitartean.  Uzkian objektuak sartzeko, kolpeak genitaleetan emateko, ukitzeak gauzatzeko edo biluztasunari eta sexualitateari lotutako umiliazioak eragiteko ohitura biderkatu zen urte horietan. Elektrizitatearen eta uraren bitarteko asfixien erabilerak, aldiz, murriztu ziren. Horren ordez, poliziak itolarri “lehorra” lehenetsi zuen garai berean.

Gainera, txostena oinarri hartuta, ez da egon salbuespenik, poliziei dagokienez. Erakunde guztiek praktikatu dute tortura. Salaketa gehien jaso du Guardia Zibilak (1.792), eta ia kopuru bera du Polizia Nazioanalak (1.786). Hala eta guztiz ere, Ertzaintzaren gain daude 336 salaketa, eta bestelako funtzionarioen kasuak daude ere (kartzelazainak, udaltzainak...).

Orbain psikologikoa

Torturatu guztiak, esperientziak esperientzia, ados daude puntu batean: zauri psikologikoak fisikoak baino sakonagoak dira. Eusko Jaurlaritzako txostenak egindako 200 kasuren ikerketa xeheen artean azaleratu dituzte estres postraumatikoaren nahasmendua, baina baita depresioak, behin betiko izaera aldaketak, antsietatea, insomnioa edota bipolaritatea.

Kalte fisikoak larriak badira ere, torturak uzten dituen orbain psikologikoak eta beldurra dira okerrena, elkarrizketatuen aburuz

Hori guztia gainditzeko urteak beharrezkoak direla uste dute torturatuek, baldin eta hori posible bada. “Normalean ez duzu inoiz ahazten. Saiatzen zara esperientzia horiek motxilaren lekurik sakonenean sartzen eta aurrera egiten”, iritzi du Jose Angel Aramendik. 

Garik bat egiten du bizipen horrekin: “Nik maiz esan dut gainditu dudala, baina Eusko Jaurlaritzaren aitorpena lortzeko adierazpenak egin behar izan nituenean, konturatu nintzen hor dagoela dena”.

Aitor Latorrek uste du pairatutakoa inoiz ez duela ahaztuko: “Oso esperientzia ezatsegina izan zen. Etxera itzuli nintzen eta gauez oraindik entzuten nuen jendea eskaileretatik igotzen ni atxilotzeko. Edozerk esnatzen ninduen. Argi nuen, berriro nire bila etortzekotan, nahiago nuela nire burua balkoitik bota. Urte asko igaro ziren sentsazio hori desagertu arte”.

Txebe Alvaradok aipatzen du beldur ikaragarria, “erabatekoa”. “Bi atxiloketa izan ostean, hirugarren bat izateko izututa nengoen. Are gehiago, forentseak egin zizkidan argazkiak apurtu nituen, ez nuen nahi Guardia Zibilak ikustea berriro ni atxilotzera etorriz gero. Ez dauka zentzurik, baina beldurra horrelakoa da”, azaldu du.

Izan ere, batzuetan tortura “soilik” psikologikoa izan da. Horrela gertatu zitzaion Juan Angel Lekanda laudioarrari Ertzaintzaren esku 1992an: “24 ordu besterik ez nintzen atxilotuta egon Arkauten, 'zorionez'. Denbora tarte horretan ez zidaten utzi lo egiten eta lau galdeketa luze egin zizkidaten zutunik, hormara begira. Galdeketen artean gela ilun batean uzten ninduten, baina zaratak sortzen zituzten atsedenik ez hartzeko, edo argia pizten eta itzaltzen zidaten 10 segundoro, tentsioan egoteko. Bigarren galdeketan hasi ziren presio psikologikoarekin, nire ama eta bikotekidea erabilita horretarako. Azken galdeketan kaputxa jarri zidaten eta behin eta berriro mehatxatu ninduten, esanda eurek leporatzen zidatena onartuz gero, denbora gutxiago egongo nintzela kartzelan. Ikusi zutenez ez nuela ezer aitortzeko, aske utzi ninduten. Arkautetik atera eta gero, hainbat hilabetez beldur izan nintzen gauez, Euskal Herrian ohikoa baitzen pertsona bera atxilotzea behin baino gehiagotan. Nire ostean, lagun bat atxilotu zuten eta niri leporatzen zidatena (ETAko kide bati tresna tekniko bat ematea) berari egotzi zioten. 7 urte eman zituen espetxean, esan zizkioten gauzen artean baten bat onartu zuen eta”.
Esperientzia latza izan arren, Lekandak pribilegiatutzat jotzen du bere burua: “Beste batzuk hil egin dira komisaldegietan torturaren ondorioz. Sentsazio horrekin atera nintzen eta horrela jarraitzen dut”.

Aitor Latorre da Eusko Jaurlaritzako txostenak jasotzen duen torturatutako adingabeetako bat. 17 urte zituela atxilotu zuen Guardia Zibilak eta “bainu-ontzia” eta kolpeak jasan zituen, besteak beste

Aitorpen gazi-gozoa

Oro har, Aiaraldeko torturatu guztiek onartzen dute euren izaera aitortzea aurrea pausua dela gizartean, torturaren errealitatea aintzat har dadin. Baina, aldi berean, kritikoak dira. Alde batetik, ez delako inolako ondorio legalik egongo. “Ni torturatu ninduten ertzainak funtzionario publikoak ziren eta ez dugu jakingo ezta nortzuk diren”, azpimarratu du Juan Angel Lekandak.

Bestetik, urte luzez zigorgabetasunak torturatzaileak babestu dituelaren iritzikoak dira, baina uste dute hori ez dela amaitu: “Melitón Manzanas, Criado, Prado eta Creix... torturatzaile ospetsuak ziren eta ez dute inolako arazorik izan. Guk, aldiz, propaganda banatzeagatik (hori leporatzen ziguten) damutu behar gara. Baina non daude torturatzaile guztiak? Horiek ez dira damutu behar?” argudiatu du Garik, "horri guztiari ardura gehitu behar zaio. Izan ere, tortura eta tratu txarrak baliatu dituzten erakundeak ez badira eraldatzen, nork bermatuko du horrelakorik ez dela errepikatuko?".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide