Zabaleko Ikastetxearen aldeko adierazpena plazaratu dute Aiaraldeko eskola publiko guztietako zuzendaritzek

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mai. 28a, 13:50

Zabaleko Ikastetxean jarritako pankartetako baten irudia. / Zabaleko bizirik!

Eusko Jaurlaritzak abiatutako prozesuaren “inprobisazio itxura” ere deitoratu dute ikastetxeek, “kaltegarria” delako Eskola Publikoaren irudirako.

Adierazpen bateratua plazaratu dute Aiaraldeko eskola publiko guztietako zuzendaritzek, Hezkuntza Sailak maiatzaren 20an iragarritako Zabaleko eta Mendiko ikastetxeen fusioa dela eta. 

Adierazpenaren sinatzaileek “babes osoa” helarazi nahi izan diete Zabalekoko eskola-komunitateari, eta ikastetxe horren proiektua goraipatu dute, “auzoaren ardatza” bilakatu dela iritzita. “Bertan elkarbizitza, euskara, inklusioa, aniztasuna, gure kultura, berdintasuna… lantzen dira auzokideekin batera. Auzo bizia izan da eta bada San Jose, sorreratik eta gaur egun ere, etorri berri askoren harrera gune”. 

Gainera, azpimarratu dute San Jose auzoko zentro horrek zuzendaritza-proiektua aurkeztu duela datozen lau urteetarako, “konpromezua, lidergoa eta inplikazioa erakutsiz eskola-komunitatearekin”.

Eskualdearen egoera ekonomikoa ere izan dute hizpide, Valvospain, Lidl edota Tubacexeko kasuak aipatuta. Hori dela eta, Aiaraldean “inbertsioak” egiteko garaia dela nabarmendu dute, “ez zerbitzu publikoak murriztekoa”. Ohartarazi dutenez, Zabaleko desagerraraziz gero, “Amurrion hezkuntza publikoaren eskaintza Lehen hezkuntzan ikastetxe bakarrera mugatuko litzateke”.

Prozesu osoak izan duen “inprobisazio itxura” ere deitoratu dute ikastetxeek, “kaltegarria” delako Eskola Publikoaren irudirako.

Gauzak hala, fusioa bertan behera uztea eskatu diote Hezkuntza Sailari, eta ikastetxe publikoetan “behar diren baliabideak” jartzea. 

12 ikastetxek sinatu dute manifestua:

  • Arteko Gure Ama HLHI 
  • Etxaurren Ikastola HLHI 
  • Okondo HH  
  • Zaraobe Institutua BHI 
  • Fabian Legorburu HLHI 
  • EPA Laudio-Amurrio
  • Urduña Herri Ikastetxea 
  • IES Laudio BHI 
  • Mendiko Eskola HLHI
  • Latiorro HLHI 
  • Lamuza HLHI 
  • Orozko Harana Eskola

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide