Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea, udalerri txikientzako tresna berria

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mai. 31a, 07:00

Maiatazaren 13an sortu zuten mankomunitatea. / Nerbioi Ibaizabal Mankomunitatea

Erakunde berri horren sorrerak ekarriko dituzten onurak azaldu dituzte Urduña, Orozko, Arakaldo eta Arrankudiaga-Zolloko alkateek. 

Iragan maiatzaren 13an sortu zen ofizialki Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea. Bederatzi udalerrik sortu dute erakundea, Aiaraldeko lauk tartean: Urduña, Orozko, Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Zeberio, Ugao-Miraballes, Arrigorriaga, Zaratamo eta Etxebarri. Azken udalerri horretako alkateordea, Miguel Angel Herrero, izendatu zuten presidente, aho batez. 

Mankomunitateak jarraipena emango dio orain arte Udaltalde 21ek abiatutako bideari. Udaltaldeko presidentea izan da  Herrero orain arte. Gauzak hala, bere kudeaketari jarraipena emateko eskaini diote mankomunitatearen gidaritza, Txutxi Ariznabarreta Arrankudiaga-Zolloko alkateak azaldu duenez: “Bera dago hondakinen bilketa eta kudeaketarako lizitazioa kudeatzen eta berak ezagutzen ditu zerbitzu horiek sakonean”. 

Adostasuna nagusi

Mankomunitatearen sorrera prozesuan adostasuna izan da nagusi, Ariznabarretaren hitzetan: “Udalek ahalegin handia egin dugu mankomunitatearen sorrera prozesua normalizatu eta bere lehen ibilbidea adostasunez egiteko”. 

Iritzi berekoa da Jabi Asurmendi. “Nabarmentzekoa da nola adostasun zabal batera heldu garen prozesu osoan udal eta indar politiko ezberdinen artean, bidean ateratako eztabaidak eta desadostasunak gaindituta”, azpimarratu du Arakaldoko alkateak. 

Udalerri txikientzako tresna

Mankomunitatearen sorrerak “tresna ekonomiko-finantziario” gehiago emango dizkie udalerriei, Pedro Mari Intxaurraga Orozkoko alkatearen hitzetan. “Orozkoren kasuan, hondakinak biltzeko zerbitzua jasangarriagoa izango da. Izan ere, bilketa sistema lurpetik lurrazalera lekualdatuko da eta zaborra alboetatik kargatuko dute kamioiek”. 

Horrez gain, udalerrien arteko elkarlana sustatzeko balioko du erakundeak, Itziar Biguren ustez. “Hemendik aurrera mankomunitatearen izenean burutuko diren lan guztiak erraztasun handiagoarekin egin ahal izango dira, zentzu ekonomikoan zein barne-antolamenduari dagokionez”, nabarmendu du Urduñako alkateak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide