MOBILIZAZIO EGUNA

Milaka lagun atera dira kalera Aiaraldea egoera sozioekonomiko larrian dagoela salatzeko

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 2a, 15:38

Eskualdeko eragile ugarik deitutako manifestazioak 2.000 herritar inguru batu ditu Laudioko Herriko plazan. Ekonomia eta gizarteko esparru anitzak elkartu dira mobilizazioan eta herrigunea bete dute.

Modu arrakastatsuan hasi da Aiaraldeko gehiengo sindikalak, hainbat sektore ekonomikok eta mugimenduk antolatutako mobilizazio eguna. Izan ere, 10:30etatik aurrera enpresa eta esparru ugariko herritarrak hasi dira elkartzen Laudioko Herriko plazan: langile batzordeak, mugimendu feminista, pentsiodunak, Zabaleko Eskolako kideak... Bakoitzak bere pankarta eta aldarrikapen propioak eraman ditu.

Berez, 10:00etatik 14:00ak arteko lanuztea egin da hainbat tokitan. Baina, horrez gain, manifestazioa antolatu da goizean Laudion eta arratsaldean, ordea, Amurrion izango da hitzordua.

11:00etan hasi da mobilizazioa eta herriko kale nagusiak bete ditu. Ostalari eta merkatari gehienek itxi dituzte negozioak manifestazioan parte hartzeko. Herritarrek berriro hartu dute plaza amaiera ekitaldian. 

Hizlariek aldarrikatu dute aiaraldearrak ez direla zenbaki hutsak eta, aldiz, jendez osatutako komunitatea dela eskualdekoa. Halaber, azpimarratu dute guztien lanpostuak defendatu beharra dagoela, historikoki egin den moduan, eta horretarako gizarteko sektore guztien batura aldarrikatu dute. Gogor salatu dute erakunde publikoen jarrera gertatzen ari den prekarizazio prozesuaren aurrean eta aipatu dute arduradun politiko zein ekonomiko batzuk Aiaraldekoak direla.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide