ASTRONOMIA

Eguzki eklipsea Aiaraldean, Urtzi Odriozolaren teleskopiotik

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 11a, 10:43

Atzo izan zen eguzki eklipsea, ilargiak eraginda. 11:00etatik 12:45ak bitartean egon zen ikusgai Aiaraldean eta Urtzi Odriozolak jaso zuen bere teleskopiotik.

Atzo, munduko hainbat txokotan bezala, eguzki eklipsea ikusteko aukera egon zen Aiaraldean. Ordea, edonork ezin zuen bere kasa egin, iragazkiak beharrezkoak baitziren begiak ez mintzeko.

Fenomenoaren lekuko pribilejiatua izan zen Urtzi Odriozola. Astronomia zaleak aurreko egunetan bere lagun Pablo eta Sareri eskatu zien balkoia. Eurek utzi zioten kokalekua eta oso eskertuta dago horregatik. Izan ere, bere etxekoak ez du ekialdera jotzen eta eguzkia hego-ekialdera begira egongo zen eklipsearen unean.

Gauzak horrela, tresneria prestatu eta balkoian jarri zuen. 11:00ak aldera hasi zen eklipsea eta ordurako Odriozolak bazuen bere teleskopio refraktorea zain, iragazkiarekin -bestela eguzkiaren argiak erreko luke kamara- eta tripode motorizatuarekin. Azken tresna horrek ahalbidetzen du planetaren errotazioaren kontrako norabidea jarraitzea teleskopioak eta, ondorioz, eguzkia planotik kanpo ez geratzea.

Odriozolak honakoa nabarmendu du: "Iragazkiak eguzkiak sortzen duen argiaren %99 oztopatzen du, hau da, argazkiak jasotzen duena da astroaren fotosferako gainazala. Ez dira ikusten sugarrak, horiek grabatzeko oso makina berezi eta garestiak behar baitira".

Egileak gaineratu du ilargiaren errotazioak eguzkiarekin bat egitean lurtarron ikuspegitik sortzen dela eklipsea, "baina Euskal Herrian ilargiak ez zuen eguzkiaren zati handia estali, ez behintzat munduko beste lekuetan bezain beste".

Behin eklipsea jasota, Odriozolak irudiak landu zituen -time lapsea zein argazkiak- eta sare sozialetan zabaldu ditu.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide