Milaka izan dira Bilboko kaleetara atera diren Euskal Herriko langileak. Lan gatazketan buru-belarri dauden enpresa batzorde ugarik egin dute bat "prekarizazioaren eta kaleratzeen aurkako" manifestazioan.
Greba mugagabearen 129. egunarekin kointzidituz, bertan izan dira Tubacexeko langileak ere; Petronor, Novaltia, Bilboko Argiak eta ITP Aero enpresetako beharginekin batera. EITBko eraikinetik abiatu da mobilizazioa eta Bilboko udaletxe aurrean bukatu dute.
Eskaera zehatzak egin dizkiete alderdi politikoei eta Eusko Jaurlaritzari. Lan erreformak deuseztatzeko konpromisoa hartzea eskatu diete lehenengoei, eta langile klasea zokoratzeari uztea, aldiz, bigarrenari. Izan ere, nabarmendu dutenez, enpresetako buruek bi gauza dituzte euren alde gaur egun: "legedia eta klase politikoa".
Epaiketa astelehenean
Astelehenean Bilbora joko dute berriro Tubacexeko grebalariek. Izan ere, 129 kaleratze ekarri dituen Enplegu Erregulazio Espedientearen aurkako epaiketa egingo da egun horretan.
Argazkiak: Tubacexeko langileak