EH Bilduk Arabako Mahai Politikoa aurkeztu du gaur Amurrion

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 20a, 16:10

EH Bildu koalizioak Arabako Mahai Politikoaren aurkezpena egin du gaur. Irune Iturbe eta Ainhize Solaun amurrioarrak ordezkatuko dute eskualdea koalizioan.

Ekitaldi politikoa eskaini du EH Bilduk gaur eguerdian Amurrioko San Anton plazan. Arabako mahai politikoa aurkeztu du koalizioak agerraldian.

Berez, egitura hurrengoek osatzen dute: Ibon San Saturnino koalizioko arduradun politikoak, Koordinazio Taldeak, zortzi eskualdeetako  ordezkariek,  Arabako  Batzar  Nagusietako  eta  Gasteizko  Udal Taldeko EH Bilduko bozeramailek eta EH Bildu osatzen duten hiru alderdietako ordezkariek.

Koordinazio Taldea lau pertsonek osatzen dute: Xabi Goikuria Oiarbide, Politika Instituzionaleko arduradunak; Ruth Ibisate Diez-Caballero, Udalgintza arduradunak; Jon Ligüerzana Ajuriagerra, Antolaketako arduradunak; eta Rebeka Mtz. Compañón Remírez, komunikazio-arduradunak.

Era berean, Endika Saez de Adana Gasteizko arduradun politikoa da, eta, harekin batera, Arabako eskualdeetako ordezkariak daude:  Irune Iturbe (Aiaraldea), Itxaso Etxebarria (Gorbeialdea), Eva López de Arroyabe (Arabako Lautada), Oier Martínez de Santos (Añana), Ruth Ibisate (Arabako Mendialdea) eta Pablo Ortiz de Latierro (Trebiñu) eta Esti Besa (Arabar Errioxa).

Horiekin batera, Arabako Mahai Politikoan Kike Fdez de Pinedo Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Felix González Gasteizko Udal Taldeko bozeramaileak parte hartzen dute.

Azkenik, Ainhize Solaun, Iratxe Lopez de Aberasturi eta Josu Estarrona daude Sortu, EA eta Alternatibaren izenean, hurrenez hurren.

Maddalen Iriarte ere aurkezpenean

Aurkezpena egin ez ezik, mezu politikoa ere zabaldu du EH Bilduk Amurrion. Hain zuzen, Araban urtebeteko epean aldaketa klimatikoari buruzko akordioa lortzea proposatu dute.

Euren ustez, ezinbestekoa da aldaketa klimatikoari aurre egiteko neurriak hartzea ahalik eta lasterren. Ibon San Saturninok honakoa adierazi du: "Sistema neoliberalak porrotera eramaten gintuela esaten genuenean arrazoia genuen. Baina arrazoia izatea ez da nahikoa, alternatiba eraiki behar da, jendea entzun eta inplikatu behar da”.

Maddalen Iriartek, EAEko Legebiltzarreko bozeramaileak, azpimarratu du orain unea dela “herri gisa” altxatzeko.  Zentzu  horretan,  Next  Generation  Europako  Funtsek  ekarriko dituzten milioiak aipatu ditu. “Ezin ditugu errepikatu iraganeko akatsak. Norabidea zuzendu behar da. Aprobetxa dezagun aukera hau herri hau ingurumenaren zaintzaren eta babesaren, pertsonen zaintzaren eta zerbitzu publikoen hobekuntzaren norabidean kokatzeko. Aprobetxa dezagun aukera hau euskal herritarrentzako bizi-baldintza duinak bermatzeko”, azaldu du Iriartek.

Tubacex ere presente

Koalizioak neoliberalismoaren kontrako mezuak azpimarratu ditu, eta, zentzu horretan, Tubacexeko greba eredutzat jo dute egungo sistema ekonomikoaren aurkako borrokan.

Argazkiak: EH BIldu

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide