ARGAZKI GALERIA

Kaleratzeak baliogabeak direla aldarrikatu dute Tubacexeko ehunka langilek EAEko Justizia Jauregiaren aurrean

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko eka. 21a, 14:34

Epaitegietara iritsi da Tubacexeko zuzendaritzak aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientea. TTI lantegietan gauzatutako kaleratzeak aztertzen ari dira gaur EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Areto Sozialean. Elkarretaratzea egin dute goizean ehunka grebalarik, epaitegiaren aurrean.

Greba mugagabearen 131. egunean, justiziaren eskuetara iritsi da Tubacexeko zuzendaritzak aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientea. Amurrio eta Laudioko lantegietan ezarritako kaleratzeak aztertuko dituzte gaur eta bihar artean.

Gaurkoan, Garbiñe Biurrun presidente duen Justizia Auzitegi Nagusiko Areto Sozialean, TTIko kaleratzeen baliogabetasuna eztabaidatuko dute epaileek. Biurrunek hainbatetan defendatu du tankera honetako kaleratzeen baliogabetasuna, eta aretoak posizio hori bera defendatu zuen PCB-ITP Aeroko kaleratzeen kasuan, esaterako.

Enpresa Batzordea, baikor

Enpresa Batzordeak agerraldia egin du 9:30ean, epaitegi barrura sartu aurretik. Baikor azaldu dira datozen bi egunetan luzatuko den prozesu judizialarekin. Adierazi dute oso argi geratu dela enpresak neurri estrukturalak aplikatu nahi izan dituela egoera koiuntural bati erantzuteko. Horregatik espero dute epaileen ebazpena langileen aldekoa izatea.

10:00ak aldera sartu dira Enpresa Batzordeko ordezkariak epaitegi barrura, Tubacexeko ehunka lagunen txalo zaparradaren artean. Aiaraldeko lantegietako grebalariak ez ezik, Tubos Reunidos, Novaltia, PCB-ITP Aero, Bilboko Argiak edota Petronorreko langileak ere egon dira Justizia Jauregiaren aurrean euren elkartasuna adierazten. Izan ere, langileen aldeko ebazpen batek aurrekari garrantzitsua ezarri lezake Euskal Herrian abian dauden beste lan-gatazketan.

Aceralava

Bihar, Amurrioko Aceralava lantegian ezarritako kaleratzeen txanda izango da. Tubacexeko grebalariek Bilbora martxa antolatu dute,  6:00etan Laudioko piketetik abiatuta, eta 11:00etan Justizia Jauregiaren aurrean mobilizatuko dira berriro.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide