Eusko Legebiltzarrean egon dira gaur -ekainak 24- Tubacexeko Enpresa Batzordeko ordezkariak. Izan ere, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos talde parlamentarioek legez besteko proposamena aurkeztu dute Aiaraldeko lan gatazkari "amaiera justua ematen laguntzeko" helburuarekin. Gainerako talde parlamentarioen babesarekin onartu dute proposamena.
Testuak mahai gainean jarritako kaleratzeei irtenbide alternatiboak bilatzeko akordioak lortzera bultzatu nahi ditu Tubacexeko zuzendaritza eta sindikatuak, kaleratutako pertsonak berriro hartzea ahalbidetuko duten koiunturazko neurriak aplikatuz.
Enpresa Batzordetik positiboki baloratu dute erdietsitako akordioa, baina testu esplizitu eta zehatzago bat adostea espero zuten, Enplegua Erregulatzeko Espedientearen erretiratzea eskatuko zuena.
"Badirudi klase politikoak bere osotasunean ulertzen duela Enpresa Batzordearen ikuspegia zuzena dela: bizi dugun krisia pandemiaren ondorioa dela. Epaiketetan azaldu dugun planteamendu berdina da hori, eta espero dugu epaileek ere gure arrazoiei erreparatzea eta guztion artean egoera iraultzeko gai izatea", adierazi dute langileen ordezkariek parlamentuko bilkuratik ateratzerakoan.