Amurrioko Zabaleko eskolako hizkuntza klaseek hartu dute Aiaraldea Hemen hamabostekariaren ikasturteko azken zenbakiaren azala. Horrez gain, bestelako erreportaje eta elkarrizketak lantzen ditu agerkariak, gehienak Aiaraldea.eus atarian argitaratu gabeak oraindik.
Dantza bertikala praktikatzen duen Janire Etxabe Arrankudiagako bizilagunari egindako elkarrizketa zabala dakar zenbakiak. Uxue Mendia eta Iñaki Bea futbolariekin izandako solasaldiak ere aurkituko ditu irakurleak, baita Ugaitz Agirre idazleari egindakoa ere.
Selektibitatea
Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren bigarren deialdia egitear den honetan, Aiaraldea Komunikabideak azterketa lehen deialdian egin duten zenbait ikasleren lekukotzak jaso ditu. Guztiek jarri dute ezbaian gaur egungo ebaluazio sistema.
Analisia
Tubacexeko lan gatazka agertoki berri baten atarian aurkitzen da. Iragan asteko kaleratzeen aurkako epaiketek, akziodunen bilkurak edota Eusko Legebiltzarreko saioak eszenatokia eraldatu dute greba mugagabeak 140 egun bete dituen honetan. Aiaraldea Hemen hamabostekarian gaiaren inguruko erreportaje sakona aurkituko du irakurleak.
Gehigarri berezia
Ikasturteko azken zenbaki honek gehigarri berezia dakar. Izan ere, pandemia egoerak ez ditu herri eta auzoetako jaiak eta bestelako ekimenak gelditu, eta uztaileko kultura egitarauaren agenda osatu du Aiaraldea Komunikabideak, eskualdeko herritar guztien eskura egon dadin.
Banaketa puntuak
Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, ikastetxe eta kaleetan. Honako banaketa puntu hauetan topatu daiteke, besteak beste:
- Aldai plaza (Laudio)
- Abasto plaza (Laudio)
- Luiaondoko supermerkatua
- Laudioko kiroldegia
- Artziniegako frontoia
- Atxetako Dia
- Amurrioko Eroskia
- Orozkoko frontoia
- Urduñako supermerkatuak
- Faktoria (Laudio)