Iaz aurkeztu zuen Udalbiltzak Lurgida APPa, Euskal Herriko barne turismoa sustatzeko helburuarekin.
Orain, pandemia garaiko bigarren uda hasi berri denean, informazio gehiagorekin hornitu dute aplikazioa, Aiaraldeko hainbat txokori buruzkoa tartean.
Urduña, Artziniega, Amurrio, Laudio, Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollon bisitatu daitezkeen tokiei buruzko informazioa topatu daiteke APPan, besteak beste. Arakaldoko “ura eta burdina” ibilbidea eta Artziniega Museoa agertzen dira mapan, adibidez.
Txakolinaren ibilbidea
Horrez gain, Txakolinaren ibilbidea ere agertzen da aplikazioan. Euskal Herriko kostaldea zeharkatzen du, eta Aiaraldean barneratzen da gero, eskualdeko hainbat upategiri erreferentzia eginda.
Urtebeteko ibilbidea
Urtebeteko ibilbidea egin du Udalbiltzaren egitasmoak. Helburu bikoitzarekin sortu zen: herritarren artean barne turismoa sustatzea (hau da, kanpora bidaiatu ordez Euskal Herriko txoko ezberdinak bisitatzera bultzatzea) eta kanpoko turistei Euskal Herria “herri bezala” aurkeztea.
“Ildo beretik, turismo jasangarria eta lehen sektorea uztartzea ere bada Lurgidaren helburuetariko bat”, azaldu dute ekimenaren sustatzaileek, “horretarako, camper eta autokarabanak gogo honez jasotzen dituzten hainbat etxaldeetako informazioa eskaintzen du eta trukean, gonbidatuek tokiko produktuak ezagutzeko eta zuzenean erosteko aukera izango dute”.
Hemen ikusi eta deskargatu daiteke aplikazioa.