ZORDUN HANDIEN ZERRENDAK

Aiaraldeko hiru enpresa eta enpresari batek 6 milioi euro baino gehiago zor diote ogasunari

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 1a, 07:48

Recuperación de Materiales Industriales S.A. da zerrendan agertzen den enpresetako bat. / GoogleMaps

Saratxoko poligonoan kokatutako BM&Alessio Investments SL batu da zordunen zerrendetara. Urduñan lantegia zeukan SPM del Monte S.A enpresak, bere aldetik, 8.228.656,53 euroko zorra du pilatuta, mende hasieran likidatu baitzuten. 

Aiaraldeko hiru enpresaren eta enpresari baten izenak agertzen dira Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek argitaratutako zordun handienen zerrendetan. Guztira 6,2 milioi euroko zorra pilatu dute lauren

artean. 

BM&Alessio Investments SL, zerrendara batu berri

Enpresa gehienek urteak daramatzate ogasunaren zerrendetan agertzen, baina BM&Alessio Investments SL enpresa aurten batu da, 1.005.679,85 euroko zorrarekin. Duela 12 urte sortu zen enpresa, 3.016 euroko kapital soziala dauka eta Saratxoko poligonoan kokatuta dago. Akzioen salerosketara dedikatzen da eta Eduardo Alessio Alves da administratzaile bakarra. 

Aurtengoa ez da enpresa hori zordunen zerrendan agertzen den lehen aldia. 2016 eta 2017 urteetan  ere egon zen, 1.195.858,13 euroko zorra pilatuta. 

Ruben Bravo Gonzalez

Ruben Bravo Gonzalezek urteak daramatza zerrendan agertzen, eta geroz eta handiagoa da pilatzen ari den zorra: aurten 1.752.993,67  euro zor zituen eta iaz, aldiz, 1.665.912,27.

Lau enpresa ditu Bravok: Iridytrio S.L, Platinorumba S.L, Activos por impuestos diferidos S.L eta Agricola Nini S.L. Lehen hirurek Laudion dute egoitza fiskala, Jose Mardones kaleko etxebizitza batean. Laugarrena, aldiz, Kantabriako Valdeolea herrian dago kokatua. Antzeko jarduna dute laurek: higiezinen eta aktiboen salerosketa.

Recuperación de Materiales Industriales S.A.

Recuperación de Materiales Industriales S.A. enpresa iaz agertu zen estreinako aldiz Arabako Foru Aldundiaren zerrendan. 1.090.509,96 euro zor zituen 2020an. Aurten, aldiz, 1.123.409,52 euroko zorra du pilatuta.  

Murgan kokatua zegoen enpresa hori eta 36 langile inguru zituen. Hartzekodunen lehiaketan dago orain, itxiera prozesuan. 

Somolsa Sociedad de Materiales Orduña 

Urduñako Somolsa enpresak ere urte asko daramatza zerrendan agertzen. Geroz eta zor handiagoa du pilatuta, errekarguak handitzen direlako. Iaz 2.397.825,9 euro zor zituen eta aurten, aldiz, 2.425.556,28 euro. Dena dela, ez du diru hori inoiz itzuliko: 2004. urtean itxi zituen ateak eta ordainketak etenda ditu orduz geroztik. 

SPM del Monte S.A  enpresak, 8 milioiko zorra pilatuta

Antzeko kasua da SPM del Monte S.A-ren kasua. 2003. urtean likidatu zuten, eta enkantean atera zuten Urduñan zeukan 1.411 metro karratuko pabilioi industriala. Orduz geroztik, enpresa zorra pilatzen joan da, eta une honetan 8.228.656,53 euro eman beharko lizkioke ogasunari. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide