Aiaraldearen birmoldaketa sozioekonomikoa bultzatzeko zazpi proiektu estrategiko jarri ditu EH Bilduk mahai gainean

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko uzt. 6a, 11:16

Laudioko Kasinoan egin zuten atzo 'Ernaberri Aiaraldea' planaren aurkezpena. / Aiaraldea.eus

Ernaberri Aiaraldea plana aurkeztu zuten atzo Laudioko Kasinoan. Proposamenak eskualdearen eraldaketa sozioekonomikoan urrats kualitatiboak ematea du helburu, eta horretarako ekintza zehatzetan itzuli dituzte Jaurlaritzak Aiaraldearen suspertze ekonomikora bideratuko dituen 24 milioi euroak.

Laudioko Kasinoan agerraldia egin zuten atzo -uztailak 5- Aiaraldeko EH Bilduren hautetsi eta ordezkariek, Ernaberri Aiaraldea plana aurkezteko. Eskualdearen eraldaketa sozioekonomikoa bultzatzea da planaren helburu nagusia, eta hiru erronka mahaigaineratu nahi ditu: Aiaraldeko industriaren birmoldaketa, ekonomia zirkularra sustatzea, eta lehen sektorea balioan jartzea.

24 milioi euro

Zazpi proiektu zehatzetan materializatuko den 24 milioi euroko inbertsio barnebiltzen du Aiaraldea Ernaberri planak. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak ekonomikoki kaltetutako eskualdeen susperraldirako plan bereziaren barruan Aiaraldeara bideratuko dituen 24 milioi euroak dira horiek.

Arabako Foru Aldundiak idazkaritza tekniko baten kontratazioa lizitatu du diru partida horiek nola bideratu zehazteko, horren aurrean EH Bilduk "proposamen zehatz eta egingarria" aurkeztu duela nabarmendu zuten atzoko agerraldian.

Arabako Foru Aldundiak kudeatzen dituen funts horiek  lurraldearen mugak gainditu eta "eskualde naturaleko" bederatzi udalerrietara heltzeko beharra azpimarratu dute

Horrenbestez, Arabako Foru Aldundiak kudeatzen dituen funts horiek  lurraldearen mugak gainditu eta "eskualde naturaleko" bederatzi udalerrietara heltzeko beharra azpimarratu zuten Joseba Vivanco Artziniegako alkateak eta Irune Iturbe Amurrioko zinegotziak: "Badakigu Arabako Foru Aldundiak enpresa batera jo duela 24 milioi euro horiek zertan inbertitu erabakitzeko. EH Bilduk zazpi proiektu traktore hauek planteatzen ditu eskualdearentzat, zimenduak jarri behar baitituzte lurraldearen birmoldaketa sozio-ekonomikoa bultzatzeko".

Zazpi proiektu

Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu planaren barruko 24 milioi eurorekin finantzatu beharreko zazpi proiektu motore aurkeztu zituzten atzo: Aiaraldea sustatzeko zuzendaritza bateratu bat eratzea; altzairutegiak, galdategiak eta industria traktoreak modernizatzea; lurzoruak eta industria-eraikinak berreskuratzea; turismo jasangarria sustatzea; Nerbioiko parke lineala amaitzea; etxebizitza birgaitzea eta hiri birsortzea, eta, azkenik, sukalde zentraleko sistema bat sortzea.

Vivancok eta Iturbek banan banan aletu zituzten proiektu bakoitzaren ezaugarriak eta inbertsioak:

  • Altzairutegi, galdategi eta industria traktoreak: Alor honetan aurreikusten du EH Bilduk inbertsio nagusia, 6 milioi euro. Proiektu honen bidez eskualdeko industria siderurgikoen azpiegituren modernizazioa planteatzen da, horren bidez CO2 isuriak eta energia-kontsumoa modernizatzeko. Inbertsio partekatuaren bidez, enpresen lehiakortasuna handitu eta instalazioen balio-bizitza handitu nahi ditu EH Bilduk.
  • Eskualdeko estrategia gunea: Milioi bateko inbertsioarekin, Aiaraldea sustatu eta garatzeko zuzendaritza bateratua planteatu nahi du talde politikoak, eskualdeko tokiko-erakundeek osatutako garapen-agentziak eskualdeko ikuspegia duen zuzendaritza bateratu baten azpian bilduta.
  • Lurzoru eta eraikin industrialak berreskuratzea: Lavesa, Cortasa, Valvospain, Gama, Lipmesa edo Somolsa enpresen kokaleku zaharrak berreskuratzeko 5 milioi euroko inbertsioa planteatu du EH Bilduk, besteak beste.
  • Nerbioiko parke lineala: 3,5 milioi euroko inbertsioa proposatu du talde politikoak Amurrio eta Delika arteko lotunea bukatzeko, meandroak berreskuratu eta proiektuan jasotako berdeguneak egokitzeko.
  • Turismo eta zerbitzu jasangarriak: Ekoturismoaren, nekazaritza-turismoaren eta landa-turismoaren ildoan joera alternatibo berriak sortzea proposatu du EH Bilduk. Bide horretan, 2,5 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute bainurako urmaelak, camping ekologikoak eta Nerbioiko parke linealarekin lotuneak bezalako proiektuak sustatzeko.
  • Etxebizitza birgaitzea eta hiri birsorkuntza: Etxebizitza zaharberritzeko eta hirigune degradatuak birsortzeko inbertsio paketea proposatu dute, 3,5 milioi eurokoa guztira. 
  • Sukalde zentraleko sistema: Azkenik, eskualdeko jantoki kolektiboak eta bestelako beharrak dituzten herritarrak elikagai osasungarriz hornitzeko sukalde zentral bat sortzea da EH Bilduren proposamena, eta 2,5 milioi euroko inbertsioa planteatu dute horretarako.

"Aiaraldeko sare-sozioekonomikoan, bereziki industria eremuan, aurreikusten ziren agortze sintomak bizkortu egin dituzte pandemiak, energia-trantsizio atzeraezinak eta ikuspegi estrategiko ezak" azaldu du Joseba Vivancok. Horregatik, enpleguaren aldeko herri-mobilizazioa babesteaz gain, EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da hausnarketa estrategikoari ekitea eta alternatiba egingarri eta itxaropentsua eskaintzea".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide